Gizartea -

Sexu abusuak

Bilboko Elizbarrutiak ikerketa zabaldu du bost adingaberi abusurik egin zaien argitzeko

50-90 hamarkadetan gertatu ziren abusuak, honako bost zentro erlijiosoetan: Bilboko Maristen ikastetxean, Bilboko Santa Marina haurren erietxean, Barakaldoko Pauldarrak eskolan, Bediako elizan eta Bilboko Cristo Rey parrokian.

Bilboko Maristen ikastetxea. Argazkia: Salvador-Maristas ikastetxea.
Bilboko Maristen ikastetxea.
Bilboko Maristen ikastetxea. Argazkia: Salvador-Maristas ikastetxea.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Elizbarrutiak ikerketa zabaldu du bost adingaberi ustez egindako sexu abusu kasuak argitzeko. Abusuok 50. hamarkadatik 90. hamarkadara gertatu ei ziren bi ikastetxe, bi eliza eta erietxe batean.

El Pais egunkariak txostena kaleratu zuen abenduan Espainiako Estatuan, Eliza katolikoaren baitan, izandako 251 kasuri buruzko informazioarekin; horietako bost Bizkaian jazo omen ziren. Hain justu, Vatikanora eta Espainiako Eliza katolikora bidali du txostena egunkariak, eta horren harira, abiatu du ikerketa Bilboko Elizbarrutiak.

Egunkariaren arabera, abusuok honako data eta lekuetan gertatu ziren: 1990ean, Bilboko Maristak ikastetxean; 1971n, Bilboko Santa Marinako haurren erietxean;  50eko hamarkadan, Barakaldoko Pauldarrak ikastetxean; 1964 eta 1966 urteen artean, Bediako elizan eta 1976an Bilboko Cristo Rey parrokian.

Diozesiak txostena egin duten kazetarien lana eta biktimek jasandakoa salatzeko egin duten "ahalegina" goraipatu ditu ohar batean.

"Edozein abusu kasu ikertu eta argitu beharko dugu eta arreta berezia eskainiko diegu biktimen beharrei eta halako kasuak berriz ez gertatzeari", nabarmendu du erakundeak.

Elizbarrutiaren aburuz, "ikerketa sakona izango da, betiere gure aukeren eta eskumenen baitan".

Horretarako, kasu horien inguruko daturik daukan orori eurekin harremanetan jartzeko deia egin dio Elizbarrutiak (protecciondemenores@bizkeliza.org helbide elektronikora idatz dezakete). Elizbarrutiak azpimarratu du testigantza oro konfidentzialtasunez maneiatuko dutela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Barakaldo Gizartea Aita santua Eguneko albisteak Albisteak Umeak Sexu erasoak Sexu abusuak Elizan Eliza Katolikoa albisteak