Gizartea -
Koronabirusa
12 urte bete berri dituen ume batek ez du covid ziurtagiria erakutsi beharko hurrengo hiru hilabeteetan
Eusko Jaurlaritzak dokumentu bat publikatu du, urtarrilaren 28ra arte indarrean egongo diren murrizketei buruzko zalantzak argituz.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak dokumentu bat publikatu du pandemiari aurre egiteko urtarrilaren 28ra arte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarren izango diren murrizketei buruz sortu diren zalantzak argitzeko.
Agiri horretan zehazten denez, covid-19aren aurkako txertoa hartu gabe dauden 12 urteko umeak salbuetsita izango dira covid ziurtagiri digitala erakustetik, beren 12. urtebetetze-egunetik hasi eta hurrengo hiru hilabeteetan. Salbuespen hori ezarrita, txertoa jartzeko denbora nahikoa izango dutela bermatu nahi dute.
Horrez gain, ikastetxeek udal instalazioak -kiroldegiak edo liburutegiak, adibidez- erabiltzen dituztenean, ikasleek eta irakasleek ez dute covid ziurtagiria erakutsi beharko bertan sartzeko. Alabaina, ikasturte honetarako hezkuntzan ezarri den protokoloa bete beharko dute.
Ildo berean, kirol talde batekin lan kontratua duten kirolariei, entrenatzaileei eta bestelako langileei ere ez zaie covid ziurtagiria eskatuko entrenatzera edo partidak jokatzera doazenean, lanean ari direla ulertzen delako.