Gizartea -
M8
Fiskaltzak 15 hilabeteko kartzela zigorra eskatu du martxoaren 8an Iruñean atxilotutako emakumearentzat
Iruñerriko Mugimendu Feministak salatu duenez, Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegiak irekitako prozedurarekin aurrera jarraitzea erabaki du. Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, Nafarroako Parlamentuan kateatu zen emakumeetako bat atxilotu egin zuten agintaritzaren aurkako delitua leporatuta.
AGENTZIAK | EITB Media
Iruñerriko Mugimendu Feministak atzo elkarretaratzea egin zuen Nafarroako hiriburuan, martxoaren 8ko mobilizazioen harira atxilotutako emakumearen aurkako prozedurak zabalik jarraitzen duela salatzeko. Emakume bat atxilotu zuten Nafarroako Parlamentuaren atarian, agintaritzaren aurkako atentatu delitua egotzita. Eraikin horretan, hainbat emakume kateatu ziren, Emakumearen Nazioarteko Egunaren kariaz antolatutako protestaren baitan. Fiskaltzak 15 hilabeteko kartzela zigorra eskatu du martxoaren 8an Iruñean atxilotutako emakumearentzat.
Kateatutako emakumeak askatu zituztenean, horietako bat zigortzeko proposatu zuten, Mozal Legean babestuta. Aipaturiko legeak eskubide sozial eta politikoak murriztu eta protestak kriminalizatzen dituela salatu zuen mugimendu feministak. Hori dela eta, berehala indargabetzea eskatu zuten.
Bestalde, Foruzaingoaren prozeduraren aurka jarritako salaketa artxibatu izana kritikatu dute. Mugimendu feministatik diotenez horrek agerian uzten du poliziaren inpunitatea. Gainera, prozesu judizialarekin jarraitzeko erabakia mugimendua kriminalizatzeko eta erasotzeko saiakera dela deitoratu dute.