Gizartea -
hirigintza
Bilbok Kanaleko Pasealekua inauguratu du, Zorrotzaurreko plan bereziko lehen bide berria
Bi kilometro baino gehiagorekin, hiriko biderik luzeena bilakatu da, eta kale-izendegiko 919. kalea.
agentziak | eitb media
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, udalbatzeko zenbait ordezkarirekin batera, Kanaleko Pasealekua inauguratu du ostiral honetan, Zorrotzaurreko Plan Bereziko lehen bide berria.
Izen berri hori Deustuko barrutiko auzo-elkarteen parte-hartze bidezko prozesu baten emaitza da, eta haiek ere izan dira inaugurazio-ekitaldian, Bilboko Udaletik jakitera eman dutenez.
Aburto alkateak herritarren lankidetza azpimarratu du eta gogora ekarri du bizilagunen parte-hartzeari esker beste hiru kale-izen erabaki dituztela: San Ignazioko zubia, Galletaginak eta Sabina de la Torre, Zorrotzaurreko ingurunean guztiak.
Hala, Bilboko alkateak azpimarratu duenez, "Zorrotzaurre aurrerapausoak ematen ari da berroneratzerantz, berreraikitzerantz, gure apustu handirantz: Bilbo uri berritzailea, ingurumenerako jasangarria, unibertsitate-uria eta uri sortzailea izan dadila". Bilbotar guztientzako espazio berri bat sortzeko asmoa dute, "ikasteko, lan egiteko, ondo pasatzeko eta bizitzeko".
Kanaleko pasealekuarekin, Bilboko kale-izendegian 919 kale daude unean.