Gizartea -

Koronabirusa

Datorren asteartetik aurrera farmaziako autotest bat ez da nahikoa izango baja hartzeko Nafarroan

Pertsona interesdunak jarraibideak eta hitzordua jasoko ditu, prozesua Osasunbidean bigarren proba batekin bukatzeko.

EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
EiTB Mediako bideo  batetik ateratako irudia.
EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Osasun Departamentuak datorren asteartetik aurrera proba diagnostiko propioak egingo dizkie baja hartu behar duten pertsonei, baita farmaziako autotest bidez covid-19an positibo eman dutenei ere. Horrela, positiboa baieztatuko dute, Foru Gobernuak ohar batean jakitera eman duenez.

Pertsona interesdunak jarraibideak eta hitzordua jasoko ditu, prozesua osasun sistema publikoan bigarren proba batekin bukatzeko.

Osasun Departamentuak eta Ekonomia Garapenerako Departamentuak neurriaren berri eman diete Nafarroako Osasun Kontseiluko kideei goizean, ezohiko bileran. Covid-19agatik laneko bajak kudeatzeko modua gai zerrendako puntu bakarra izan da.

Helburua "osasun sistema eta sozioekonomia gainkargatzen ari diren prozesuak azkartzea da, intzidentzia handiko testuinguru batean, aldeen berme guztiak mantenduz", azaldu du Nafarroako Gobernuak.

Positiboen zati bat Osasunbidearen ala erakunde pribatu homologatuen PCR edo antigeno probekin baieztatzen zituzten dagoeneko; ondorioz, baja eta alta horien kudeaketan ez da aldaketarik izango, normalean medikuak tramitatuko ditu, baina bilakaera klinikoa aztertu ondoren.

Farmaziako autotest baten bidez zirkuitoan sartu diren positiboak, ostera, Osasunbideak baieztatuko beharko ditu bigarren proba baten bidez. Herritarrek autotestak gero eta gehiago erabiltzen ari dira. Gainera, Ministerioak 2,94 euroko salneurria finkatu du.

Datorren asteartetik aurrera, autotest batean positibo ematen duten pertsonak antigenosfarmacia@navarra.es postaren bidez egoeraren berri emango dute, nahiz eta telefonoz egitea ere posible izango den, posta elektronikoa lehenetsiko da.

Pausoa nahikoa izango da osasun zirkuitoan "positibo" bezala sartzeko; jarraibideak eta aholkuak bidaliko dizkiete kutsatuari zein haren harremanei, osasun zentrotik jarraipena eginez etab.

Baina baja beharrezkoa izanez gero, jakinarazi beharko dute, osasun sistemak beharrezko datu guztiak eskatuko dizkie, eta "lehenbailehen" hitzordu bat emango die, positiboa baieztatzeko bigarren proba diagnostiko bat egiteko Osasunbideako zentro batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Zientzia Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Txertoak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Anbulatorioak Osasunbidea