Gizartea -

Koronabirusa

Bertan behera utzi dute Donostiako Danborrada bigarren urtez jarraian

"Halabeharrez eta tristura handiz" hartutako erabakia izan dela adierazi du Eneko Goia alkateak. Hala ere, ikastetxeekin datorren asteartean berriro bilduko direla iragarri du, "beste aukera batzuk aztertzeko".

EITB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
EITB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Donostiak Danborrada bertan behera uztea erabaki du bigarren urtez

1:32

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Udala umeen eta helduen danborradetako arduradunekin bildu da aurtengo ospakizuna aurrera eramango zen ala ez erabakitzeko. Azkenean, aurtengo Danborrada ez ospatzea erabaki dute.

Bileran tokiko agintariek hartu dute parte, zazpi auzotako delegatuekin batera.

"Aurreikuspen guztien arabera, urtarrilaren 20an egoera ez da ona izango", beraz, ez da banderaren igoerarik ezta jaitsierarik izango, iragarri du Eneko Goia Donostiako alkateak. "Halabeharrez eta tristura handiz" hartutako erabakia izan dela adierazi du buruzagiak.

Hala ere, ikastetxeekin datorren asteartean berriro bilduko direla iragarri du, "beste aukera batzuk aztertzeko". Haurren Danborrada bere horretan egitea "ezinezkoa" dela berretsi du alkateak, baina "beste formatu batean zerbait egin ahal izatea" asteartean zehaztekotan gelditu dira.

"Udalak, haurren eta helduen danborradetako ordezkariak entzun ondoren emozionalki erabaki zaila hartu du, baina beharrezkoa", azaldu du tokiko erakundeak ohar batean.

Horregatik, Udalak ez du hiriko banderaren "igoerarik ezta jaitsierarik" antolatuko jendez lepo dagoen Konstituzio plaza batean, "ezta haurren konpainiak Alderdi Ederren bildu ere, eta hiriko kaleetatik desfilea egin".

Goia: "Danborrada bertan behera uztea oso erabaki zaila da beti"

"Osagai sinboliko" bezala, desfilatu nahi duten haur danborradako konpainiek "ezohiko formatu batean" egin ahal izatea nahi du Udalak. Nola datorren asteko bileran "zehaztuko" dute.

"Danborrada bertan behera uztea oso erabaki zaila da beti", onartu du Eneko Goia alkateak.

"Gure jairik garrantzitsuena osotasunean gozatu ezin izango dugun bigarren urtea da, pena oso handiarekin. Hala ere, osasun egoera eta indarrean dauden neurriak kontuan izanda, erabakia beharrezkoa zela uste dugu. Azkenera arte itxaron dugu, aukera guztiak agortuz", azaldu du agintariak.

"Data ospatzeko eta hiriko zaindaria ondratzeko ekitaldiren bat" egin ahal izateko proposamenak jaso ditu Udalak gaur, eta aztertuko ditu.

Hala eta guztiz ere, Esther Ferrer artistari Urrezko Danborra emateko ekitaldia egingo dute urtarrilaren 20an, baita herritarrei meritu dominak ematekoa ere urtarrilaren 19an. Udaletxetik kanpo egiteko aukera aztertzen ari dira, "aforo handiagoa izateko".

Azpeitiko danborrada, airean

Bestalde, Azpeitiak larunbat honetan hartuko du bertako danborradaren inguruko erabakia. Azken datuen arabera, Gipuzkoako herri horretan 8.600,53 kasukoa da intzidentzia metatua, 100.000 biztanleko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia Klasikoa Danborrada Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak Donostiako Alde Zaharra Koronabirusa