Gizartea -

KORONABIRUSA

Txertoaren errefortzu dosiek % 80 gutxitzen dute omikronekin gaixotasun larria garatzeko aukera

Osasunaren Mundu Erakundeak txosten eguneratua argitaratu du omikron aldaerari buruz. Jada 171 herrialdetan atzemandako aldaerak kasu uholdea ekarri du eta OMEk uste du oraindik ere "oso altua" dela pandemia arriskua.

Pfizer txertoa. Argazkia: EFE
Pfizer txertoa.
Pfizer txertoa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txertoek covid gaixotasun larriaren aurrean ematen duten babesa % 50era jaisten du omikron aldaerak baina errefortzu-dosiarekin portzentaje hori % 80ra igotzen da, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gaur jakinarazi duenez.

Omikron aldaerari buruzko seigarren txosten eguneratuan, OMEk adierazi du aldaera berria planeta osoko 171 herrialdetara zabaldu dela jada. Txertoek ematen duten immunizazioa eta infekzioa igarotzeak ematen duena sahiesteko gai dela aldaera hau, hein handi batean, ondorioztatu du erakundeak eta horri esker zabaldu dela horrenbeste kutsaketa.

Omikronen gorakadaren ondorioz, pandemian dagoen arriskua "oso handia" da oraindik ere, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Txostenak dioenez, txertoek covid gaixotasunaren forma larriak ekiditeko eraginkortasunari eusten diote baina ez da gauza bera gertatzen infekzioaren aurrean. Hau da, ez da horren eraginkorra kutsatzea ekiditeko. Eta gauza bera gertatzen da infekzio naturalarekin ere, ez da nahikoa omikronekin berriz ez kutsatzeko.

Aldaera berria diagnostikatzeari dagokionez, ohiko sistemek, PCRak zein antigeno testek, orain arteko aldaerekin bezalatsu funtzionatzen dutela ondorioztatu du txostenak.

Omikron aldaerak gizakiaren goiko arnas sistemari gehiago eragiten diola ere ikusi dute, aurreko aldaerek beheko arnas sistemari eragiten zioten bitartean, eta hori lagungarri izan daiteke kasu larri gutxiago izateko.

Hala ere, OMEk ohartarazi duenez, mundu osoan izan den kasueran igoera izugarriak ospitaleratzeetan eta zainketa intentsiboetako unitateetan ere eragina izan du, herrialde askotan.

Erakundeak azpimarratu du azken asteetan zertxobait gelditu dela kutsatzeen gorakada: % 20 igo ziren kasuak urtarrileko bigarren astean, baina %55 igo ziren aurrekoan.

Tratamenduei dagokienez, OMEren txostenak dio covid kasu larrien aurkako egungo tratamenduek eraginkorrak izaten jarraitzen dutela omikronek eragindako kutsatzeetan, nahiz eta terapia horietako batzuek, antigorputz monoklonalak erabiltzen dituztenek, eraginkortasuna murritzagoa izan dezaketen.

Kutsatzeen tasa errekorrak ezartzen ari den unean argitaratu dute txostena: ostegunean, urtarrilaren 20an, lau milioi positibo berri izan ziren munduan, orain arteko kopururik altuena.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Sendagaiak Txertoak Koronabirusa Munduko Osasun Erakundea