Gizartea -
eguraldia
Euskal Herria izoztuta esnatu da
Igandeko eguraldiaren bidetik hasiko da astea. Barnealdean izotzaldiak espero dira goizaldean eta goizeko lehen orduetan, eta tenperaturen beherakada azkarra arratsalde-gau partera.
eitb media
Izotzaldiak eta tenperatura baxuak protagonista izan dira igande honetan Euskal Herri osoan. Termometroa zero azpiko zortzi graduraino jaitsi da zenbait puntutan, Ozaetan (Araba) adibidez. Euskalmeten arabera, hotza gurekin gelditzeko iritsi da.
Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenaren arabera, igande honetan antizikloiaren eraginpean jarraituko dugu. Zerua oskarbi egongo da, soilik lainoguneren batekin, goizean goiz. Berriro ere izotzarekin hasiko dugu eguna ia edonon, baina erdiko orduetan giroa larunbatekoa baino epelagoa izango da: tenperatura beroenak 11-12 ºCra iritsiko dira kostaldean, eta 7-8 ºCra barnealdean. Arratsalde-gauean berriro ere azkar hoztuko du eta gauean izotza egingo du barnealdeko zenbait lekutan.
Aste hasieran ez dugu ia aldaketarik sumatuko eta zerua oskarbi egongo da beste egun batez. Horren eraginez, goizaldean eta goizean goiz izotza egingo du barnealdean, eta arratsalde-gauean azkar hoztuko du. Egunaren erdiko orduetan tenperatura maximoak 12-13 ºCra iritsiko dira kostaldean, eta 7-9 ºC-ra barnealdean. Hegoaldeko haize ahula ibiliko da, eta brisa sartuko du kostaldean arratsaldean.
Asteartean zeru urdinak jarraipena izango du. Ez dugu aldaketa handirik nabarituko, eta egonkortasuna eta eguzkia izango ditugu nagusi. Goizaldean, goizean goiz eta azken orduetan izotza egingo du barnealdean eta lainoa agertuko da zenbait lekutan, Arabako hegoaldean bereziki. Haizeak hego/hego-ekialdetik joko du, arratsaldean ekialdeko tarteak izango dituelarik kostaldean, eta tenperatura maximoetan ez da aldaketa handirik espero.
Uneoro, eguraldiari buruzko informazio gaurkotua kontsulta dezakezu eitb.eus-en, edo zure argazkiak bidali.