Itxi

Gizartea

Tenperatura baxuak

Datorren asteburuari begira izotzaren arriskuaz ohartarazi dute Nafarroako Pirinioetako mendietan

EiTB Media

Azken egunotan, suhiltzaileen Erreskate Teknikoko Taldeak bost erreskatetan esku hartu behar izan du. Gainera, asteartean hil da igandean Belaguan istripua izan zuen 45 urteko gizona.

1:16
Pirinioak

Suhiltzaileen Zerbitzuko Erreskate Teknikoko Taldeak (ETT) datorren astebururako aurreikusita dagoen egoera meteorologikoaren arriskuaz ohartarazi du, antizikloiak eta tenperatura baxuek eragindako neguko baldintza txarrak direla eta.

Hain zuzen, eguraldiaren aurreikuspenak nahiko antzekoak dira joan den asteburukoekiko; guztira esku-hartzerako lau dei artatu ziren ostiraletik igandera eta bat astelehenean, horiek guztiek amankomunean izanik aipatutako negu baldintzen faktorea.

Azken egunotan, Erreskate Teknikoko Taldeak bost erreskatetan esku hartu behar izan du. Joan den asteburuan, ostiralean, Arlasen erori zen pertsona bat artatu zituen; larunbatean, Hiru Errege Mahaiko harkaitzetako izotzetan trabatutako bi pertsona; igandean pertsona bat Aralarko Mendilerroan eta pertsona bat Larrako La Contiendan. Bestalde, astelehenean pertsona baten deiagatik esku-hartu zuen, halaber La Contiendan.

Gainera, asteartean hil da igandean Belaguan istripua izan zuen 45 urteko gizona. Aiegiko bizilagunak izotz plaka batean irrist egin zuen erraketekin ibilaldia egiten ari zela, eta erorikoan hartutako kolpeen eta egindako zauri larrien ondorioz hil da Nafarroako Unibertsitate Ospitalean.

Nafarroako Pirinioetako mendien egoerak, ia erabat elurrez eta izotzez estalita, hegoaldeko orientabidean neurri txikiagoan izan arren, ezinbestean ardurak zorroztea eskatzen du.

Gomendioak

Zentzu horretan, ETTk gomendatzen du mendian barrena mugitzeko material egokia erabiltzea, esaterako pioleta, kranpoiak, kaskoa eta bateria kargatuko telefono mugikorra. Era berean, oroitarazten dute ultralight kranpoiak eta erraketak beste elur baldintza batzuetarako pentsatuta daudela.

Atera aurretik, gomendatzen dute AppStore eta Google eremuetan erabilgarri dagoen My112 doako aplikazioa deskargatzea, zeinek ahalbidetzen duen SOS Navarra-rekin konektatzea eta deien geolokalizazioa, telefono mugikorraren GPS-a erabiliz.

Aplikazio honen bidezko deiak lekuaren geo-erreferentzia nahiko zehatza lortzen du, eta hori erabakigarria gerta daiteke erreskatearen antolamenduan eta honen amaiera arrakastatsuan. Gainera, deia egin ondoren, kokalekuaren argazki bat bidaltzeko aukera ematen du, eta horrek informazio oso baliotsua eman diezaioke SOS Navarra-ri eta tokira lekualdatutako erreskate taldeei.

Bakarka eginiko lekualdatzetan, gomendioa da pertsona ezagun edo senitarteko bati jakinaraztea jarraituko dugun ibilbidea eta hura aldez aurretik planifikatzea, unean-uneko egoera eta meteorologia egiaztatuz.

Oro har, zuhurtzia eta arreta zorroztea gomendatzen da, eta ezjakintasunaren edo arriskuaren kasuan, gomendioa da bira ematea eta segurtasun pertsonala lehenestea.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena