Gizartea -

Koronabirusa

Joera aldaketa baieztatu egin da Euskadin, murrizketen etorkizuna erabakiko den astean

Osasun Sailaren azken balantzearen arabera, ospitaleratze kopuruak behera egin du azken egunetan. Ostiralean, indarrean dauden murrizketak bukatuko dira, eta oraindik ez dago argi zer gertatuko den hurrengo egunetik aurrera.

Azken astean, % 25 jaitsi dira ospitaleratzeak Euskadin. Argazkia: EITB Media
Azken astean, % 25 jaitsi dira ospitaleratzeak Euskadin. Argazkia: EITB Media
Azken astean, % 25 jaitsi dira ospitaleratzeak Euskadin. Argazkia: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ospitaleratzeek eta intzidentzia metatuak behera egiten jarraitu dute Euskadin, egungo murrizketekin zer gertatuko den ezagutuko den astean. Izan ere, indarrean dauden neurriak urtarrilaren 28an amaituko dira, eta Eusko Jaurlaritzak ez du oraindik iragarri zer gertatuko den hurrengo egunetik aurrera. Joan den astean, Bingen Zupiria bozeramaileak ez zuen baztertu murrizketak luzatzea.

Astelehen honetan, Osasun Sailak pandemiaren bilakaerari buruzko datuak eguneratu ditu; eta kutsatzeen kopuruak ere egin du behera.

Azken astean 94 pertsona hil dira Euskadin covid-19aren ondorioz, urtarrilaren 10etik 16ra bitarteko astean baino 16 gehiago, eta kopururik handiena ia urtebetean. Pandemia hasi zenetik 5.392 pertsona hil dira Euskadin koronabirusagatik, horietatik 70 urtetik gorako 4.685 pertsona.

Koronabirusa duten pazienteen eguneko ospitaleratze kopuruak hobera egin du; izan ere, atzo 64 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten, baina egia da igandeetan asteko gainerako egunetan baino ospitaleratze gutxiago erregistratu ohi direla. Edonola ere, eguneko ospitaleratzeen kopuru hori urtarrilaren 1etik izandako txikiena da. Ildo horretan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan du Euskadiko ospitaleratzeak "% 25 jaitsi" direla astebetean.

Asteko positiboen kopurua nabarmen jaitsi da, eta, era berean, eragin handia izan du proba gutxiago egin izanak. Joan den astean 34.824 covid positibo diagnostikatu zituzten, zazpi egun lehenago kopuru hori 60.000ra hurbildu zenean.

Igande honetan 3.223 positibo berri detektatu dituzte, testa egin dutenen % 41,9. Positibotasun tasa hori hilabete osoko handiena da.

14 eguneko intzidentzia metatuak ere behera egiten jarraitzen du, urtarrilaren 11n goia jo baitzuen, 100.000 biztanleko 7.038,61 kasurekin. Hortik aurrera, behera egin du, eta atzo 4289,5 kasukoa zen.

Lurraldez lurralde aztertuta, intzidentzia okerrago dago Araban, 14 egunetan 4.636 kasu izan baitira. Ondoren, Gipuzkoa (4.461) eta Bizkaia (4.003 kasu) daude.

Birsorkuntza-indizeak (R0) eta tasen arrazoiak 1etik behera jarraitzen dute. Hala ere, atzo birsorkuntza-indizeak 0,73tik 0,78ra igo zen. Indize hori hiru lurraldeetan igo da azken egunean: 0,69tik 0,75era Araban, 0,73tik 0,79ra Bizkaian eta 0,75etik 0,79ra Gipuzkoan.

Sailburuak azpimarratu du hainbat adierazlek erakusten dutela pandemiaren joera aldaketa. Hala ere, Sagarduik zuhurtzia eskatu du, "jaitsiera motela baita eta positibo ugari baitaude oraindik".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Zer gertatu da Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Txertoak Donostia Unibertsitate Ospitalea Txagorritxu Ospitalea albisteak Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea albisteak Osasun larrialdia Covid pasaportea