Gizartea -
Istiluak Gasteizen
Hiru atxilotu, M29an zauritutako gaztearen aldeko elkarretaratzean
Beste bi laguni desobedientzia eta Ertzaintzako agenteak iraintzea egotzi diete. Andre Maria Zuriaren plazan bildu dira, M15 mugimenduak deituta. Ertzaintzak birritan kargatu du.
Erredakzioa
Hiru pertsona atxilotu dituzte eta beste biri desobedientzia eta Ertzaintzako agenteak iraintzea egotzi diete ostiral arratsalde honetan Gasteizen, osteguneko greba orokorrarekin lotutako protestetan zauritutako gaztearen aldeko elkarretaratzean.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko iturriek jakitera eman dutenez, Ertzaintzako agenteek birritan kargatu dute bertan zauden hainbat lagunen aurka, ''irainak eta mehatxuak jaso ondoren''. Hainbat lagunek, gainera, ''Ertzaintzaren lana oztopatu'' dutela esan du Herrizaingo Sailak.Iturri horiek beraiek azaldu dutenez, ''elkarretaratzea ez zegoen legalki jakinarazita'', Herritarren Segurtasunerako Legeak jasotzen duenaren arabera. Ertzaintzak hainbat lagun identifikatu ditu (ez dute kopuru zehatzik eman), eta espedientea irekiko die.Kargen ondoren elkarrataratzea sakabanatu egin dela azaldu du Ertzaintzak, eta karga horietan gomazko pilotarik erabili ez dutela azpimarratu dute.M15 mugimenduak deitu du protesta, ostegun honetan Gasteizko Santiago ospitalera eraman behar izan zuten 19 urteko gazteari babesa emateko. Greba orokorrarekin zerikusia zuten istiluen ondoren buruko traumatismoarekin eraman zuten gaztea Zainketa Intentsiboetako Unitatera.Herrizaingo Sailak emandako informazioaren arabera, Ertzaintzarengandik ihesean ari zela hartu zuen kolpea. M15 mugimenduaren hitzetan, berriz, gomazko bala baten kolpea jaso omen zuen buruan.
Osakidetzako iturriek gaur bertan jakinarazi dutenez, gazteak hobera egin du nabarmen.