Gizartea -

Indarkeria matxista

Bikotekidea Valladoliden hil ostean ihesi alde egin zuen gizonari 10 urteko zigorra ezarri diote

Ia bi hilabete egin zituen ihesi Tuteran atxilotu zuten arte. Emakumearen gorpua indarkeria zantzuekin aurkitu zuten Valladolideko pentsio batean otsailean.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iazko apirilean Tuteran (Nafarroa) ustez bikotea Valladolideko pentsio batean hil ostean ihesi alde egin zuen gizonezkoari 10 urteko kartzela zigorra ezarri diote, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez. Ia bi hilabete egin zituen ihesi, esan bezala, Tuteran atxilotu zuten arte.

Homizidio delitua onartuz, ontzat eman zuen 10 urteko zigorra, akordio batera iritsiz, bestela litekeena baitzen epaiketara joan eta hilketa leporatzea.

Polizia Nazionalak 45 urteko gizonezkoa Tuteran (Nafarroa) atxilotu zuen, 41 urteko emakumearen ustezko hiltzailea zelakoan; haren gorpua indarkeria zantzuekin aurkitu zuten Valladolideko pentsio batean otsailean. Atxilotuaren egungo bikotekidea ere atxilotu zuten.

Emakumearen gorpua 2021eko otsailaren 21ean aurkitu zuten, pentsioko gela batean. Emakumeak urtarrilaren 28an hartu zuen ostatu gizon batekin, Polizia iturrien arabera. Establezimenduko jabeak, bi lagunak zenbait egunez ikusi ez zituelako ohartarazita, otsailaren 21ean atea jo zuen eta, erantzunik jaso ez zuenez, logelan sartu zen. Bertan, 41 urteko emakumea hilik aurkitu zuen ohean.

Poliziak, gertaeren lekuaren lehen ikuskapen batean, indarkeriazko heriotza posible baten zantzuak ikusi zituen; besteak beste, eszenaren osaera, aztarna biologikoen aurkikuntza, eta gela berean zegoen gizonak arinegi ihes egin zuela, inolako azalpenik gabe.

Ustezko egileak otsailaren 4ko goizaldean alde egin zuen Valladolidetik, eta emakumearen gorpua pentsioko logelaren barruan geratu zen, 17 egun geroago aurkitu zuten arte.

Atxilotuak bidaia bat hasi zuen hainbat herritatik igaroz. Azkenik, Tuteran atxilotu zuten apirilaren 22an, eta bi egun geroago espetxeratu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Nafarroa Tutera Epaiketak albisteak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa