Gizartea -
KORONABIRUSA
Beheranzko joerari eusten zaio EAEko ospitaleetan
Covid-19a dela eta, 572 pertsona daude gela arruntetan ospitaleratuta, eta 89, ZIUetan. Gainera, 3.731 positibo berri atzeman dituzte astelehen honetan.
Naiara Ballesteros | EITB Media
Ospitaleetako presioaren beheranzko joera mantendu egin da azken orduetan Euskal Autonomia Erkidegoan: 572 gaixo daude gela arruntetan ospitaleratuta eta 89, berriz, zainketa intentsiboetako unitateetan (ZIU). Gainera, astelehen honetan 3.731 positibo berri erregistratu dituzte, eta 2.757 izan ziren aurreko egunean.
100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 80,51 puntu jaitsi da, 3.053,72koa baita. 7 eguneko intzidentzia metatua, berriz, 76,42 puntu jaitsi da, 1.474,69 kasuraino.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak astearte honetako Gobernu Bileraren osteko prentsaurrekoan esan duenez, jarraipen-adierazleek "pandemiaren bilakaeran hobekuntza erakusten dute". Hala ere, "hobekuntza horrek zuhurtziazko jarreraren eskutik joan behar du; izan ere, kutsatzeen eta Osakidetzako ospitaleetan ospitaleratutako pertsonen kopuruaren beherakada motela da oraindik, gustatuko litzaigukeena baino gehiago", adierazi du.
Sagarduiren hitzetan, "ziurgabetasun-egunak bizitzen ari gara, eta pandemiaren bilakaera arretaz aztertzea dagokigu", eta berriro azpimarratu duenez, "zuhurtziari eutsi behar diogu". "Zerbait ikasi badugu, egoera bakoitzera egokitu behar dugula da. Olatu bakoitzean egin dugu, abiapuntua desberdina zela kontuan hartuta", gaineratu du.
Maskararen erabilerari dagokionez, Sagarduik azpimarratu du beharrezkoa dela maskara barruan zein kanpoan mantentzea, eta oraindik ere neurririk eraginkorrenak erabiltzea.