Gizartea -

EUSKADI IRRATIA

Adrian Aginagalde: "Ez dugu ezberdintasun nabaririk ikusi covid ziurtagiria aplikatu eta ez dutenen artean"

Adrian Aginagalde epidemiologo eta Kantabriako Osasun Publikoko Behatokiko zuzendariak azpimarratu du ziurtagiriak ez duela laguntzen kutsatzeak murrizten, eta garrantzitsuagoa dela aireztapena hobetzea.

Adrian Aginagalde
Adrian Aginagalde
Adrian Aginagalde

play icon 21:37

Onintza Aiestaran | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak covid pasaportearen erabilera bi astez luzatzeari eta eremu gehiagotara zabaltzeari ezezkoa eman eta biharamunean, bere eraginkortasuna zalantzan jarri du Adrian Aginagalde epidemiologoak. Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan azpimarratu duenez, berriki egin duten azterketa batean ez dute ezberdintasun nabaririk antzeman covid ziurtagiria aplikatu eta ez dutenen autonomia erkidegoen artean. Haren esanetan, ziurtagiriak ez luke gehiegi lagunduko kutsatze katea eteten eta garrantzitsuagoa litzateke toki itxietan aireztapena hobetzea.

Koronabirusaren omikron aldaeraren zabalkundearen eta kutsatze ahalmena ikertu du Kantabriako Osasun Publikoaren Behatokiak, eta Adrian Aginagalde epidemiologoa da bertako arduraduna. Ikerketa horri buruz galdetuta nabarmendu duenez, kutsakortasuna neurtzeko pandemiaren hasieratik erabili den R0 adierazlea ez da egokiena. Horri baino eraso tasari erreparatu behar zaiola uste du, hots, kutsatu baten kontaktuen artean zenbatek ematen duten positibo. Azterlanaren ondorioen arabera, delta aldaeraren eraso tasa % 26koa zen eta omikronena, % 39.

Gaixoek sintomak izan aurretik ere kutsatzen dutela adierazi du. Egiaztatu ahal izan dutenez, sintomak hasi eta bosgarren eguna baino lehen izaten omen dira kasu sekundario gehienak; hortik aurrera, ez hainbeste.

Aginagalderen esanetan, omikron ez da kutsakorragoa, azkarrago kutsatzen da eta horrek kutsakortasun handitzen du.

Isolamendua 10 egunetik 5 egunera aztertu daitekeela aipatu du. Dena dela, orain arte aplikatu den irizpidea mantentzea defendatu du, hots, epe hori amaitu aurretik gaixoa hiru egun sintoma gabe egotea.

Omikron isila deiturikoaz galdetuta, ez zaio asko gustatzen "isila" termino hori. Ondo hautematen omen da, baina ez omen da hain erraz besteengandik bereizten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Eguneko albisteak Zientzia Euskadi Irratia Osasun albisteak gaur Kantabria gertakariak COVIDaren agerraldiak gaur EBko covid ziurtagiri digitala