Gizartea -

OTSAILAREN 4A

Santa Ageda bezperan, natura ernaberrituko dute kopla zaharrek eta makila hotsek

Otsailaren 4 honetan, ohiturari hutsik egin gabe, etxez etxe koplak kantatzera aterako dira Euskal Herriko hainbat lekutan, kriseiluen argipean.

Santa Ageda bezpera Bilbon, 2018an. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Santa Ageda bezpera Bilbon, 2018an. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Arratiako abesbatza kalera atera da berriro Santa Ageda bezperan

2:54

LUZIA ZUGADI | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Makila eskuan hartuta, Santa Ageda egunaren bezperan, otsailaren 4an, ohitura da kalera kantuan ateratzea Euskal Herriko zenbait tokitan. Naturaren ernaberritzea ospatzen du, hain zuzen ere, aspaldiko tradizio horrek. Lurra kolpatuz, izadia esnatzea dute helburu errondan, kalez kale, koplak abestera irteten direnek.

Historiak dio siziliarra zela Ageda. Quinciano gobernadorearekin ezkontzeko proposamenari uko egin, eta kartzelan bukatu zuen, non borreroen esku utzi eta torturatu egin zuten. Bularrak moztu omen zizkioten, eta 21 urte zituela hil zen. Europako mendebaldean izan zen lehenengo birjina martiria da kristauentzat Santa Ageda edo Agate Deuna.

Istorioak hunkituta-edo, indarrez sartu zen haren irudia Euskal Herrian. Batzuek diote itsasgizonek ekarri zutela bertora. Badira, bestalde, neguko solstizioarekin lotzen dutenak. Hortik dator, bada, lurra iratzartzeko erritoaren jatorria.

Edozelan ere, ohitura dago, etxez etxe, euskal jantzi tradizionalez jantzita eta kriseiluen argipean, koplak kantatzera ateratzeko. Lehengo denboretan, mutil gazteak bakarrik ibiltzen ziren kantuan, baina emakumeen eta adin guztietako herritarren artean zabaldu zen geroago inauteriekin lotuta dagoen ohitura.

Esan bezala, Hego zein Ipar Euskal Herrian hartu zuen indarra. Arratiako abesbatzak, esaterako, Bilboko kaleak zeharkatzen ditu urtero, goizeko lehen ordutik gauera arte. Ezagun bihurtu da Bizkaiko hiriburuko suhiltzaileen erronda ere, 1967tik bultzatu dutena. Kastrexanan hurrengo egunera arte luzatzen dituzte ospakizunak, otsailaren 5ean ermita inguruan erromeria izaten baitute.

Bilboko suhiltzaileak, Bizkaiko hiriburuan kantuan (2020)

Bilboko Suhiltzaileak Santa Agedari kantari, minbizia duten haurrei laguntzeko
Bilboko Suhiltzaileak Santa Agedari kantari, minbizia duten haurrei laguntzeko
Bilboko Suhiltzaileak Santa Agedari kantari, minbizia duten haurrei laguntzeko

2:19

Gipuzkoan, berriz, Eskoriatza da usadio horren lekuko nagusia. Garai batean, urte horretan soldaduskara joan behar zuten mutil gazteak biltzen ziren, eskean. Adunan, baserriz baserri egin ohi dute ibilbidea, baita Asteasun ere.

Adunan, garai batean bezala, baserriz baserri kantatzen (2020)

Gipuzkoako Adunan, garai batean bezala, baserriz baserri ibili dira santa eskean
Gipuzkoako Adunan, garai batean bezala, baserriz baserri ibili dira santa eskean
Gipuzkoako Adunan, garai batean bezala, baserriz baserri ibili dira santa eskean

1:30

Santa Agedako koplak, Asteasuko baserrietan (2019)

Tradizioaren sustraietara itzuli eta baserriz baserri ibili dira kantuan Asteasun
Tradizioaren sustraietara itzuli eta baserriz baserri ibili dira kantuan Asteasun
Tradizioaren sustraietara itzuli eta baserriz baserri ibili dira kantuan Asteasun

1:24

Herri batetik bestera, aldatu egiten dira koplen hitzak eta doinuak. Araban, hauxe da entzunena:

"Aintzaldun daigun Agate Deunabihar da ba Deun Agate.Etxe honetan zorion hutsabetiko euko al dabe."

Bitxia da, halaber, Ablitasen zabaldutako kondaira. Bertako bizilagunen artean esaten zen Santa Ageda bezperan udako ekaitzen banaketa erabakitzen dela.

Nola ospatuko da aurten Santa Ageda bezpera Euskal Herrian?

Araban, santuaren omenezko kantuak eramango dituzte etxeetara gasteiztarrek. Aurreko urteetan bezala, opari bana jasoko dute parte-hartzaileek. Amurrion, pandemiagatik izandako etenaldiaren ostean, 2004an jaiotakoei egokituko zaie aurten kinto-errondan aritzea.

Bizkaiko hiriburuan, Bilbao Musikak eta Aranbarri akordeoi taldeak bi abesti kantatuko dituzte, 19:30etik 20:30era, Erriberako Merkatuan. 18:30eko entsegua bukatuta, ordu erdi geroago aterako dira kalera, gogotsu, Barakaldoko Beurko-Bagatza auzoan. Santa Agedaren ermita dute aipatu udalerrian, baita Lartuendon (Gordexola), Ipiñaburun (Zeanuri), Bizkarregin (Dima), Lejarzan (Izurtza) eta Natxituan (Ea). Hortik dator, seguru asko, Arratian urteen joan-etorrian Agate Deunaren koplek hartu duten indarra.

Aspaldiko ohiturak sustraituta dituzte Lea-Artibain ere, eta ume zein helduak irtengo dira bertan kantu eta eskean. Baserritar jantzita, ohiturari eutsiko diote Zornotzan ere.

Gipuzkoan, deialdi ugari iragarri dituzte. Donostian, auzo gehienetan entzungo dira santuaren ohorezko bertsoak: Antiguan, Amaran, Amara Berrin, Egian, Intxaurrondon, Aieten, Martutenen... Debagoienean ere ez dute hutsik egingo. Eskoriatzan duen pisuak ez du itzalpean utziko Arrasateko "santa eskea". 14:00etan eta 20:00etan deitu dituzte hitzorduak, Herriko plazan. Oñatin, Aloña abesbatzaren ahotsak jubilatuen etxera helduko dira. 

Zarautz eta Irun dira Santa Ageda bezpera doinupean igaroko duten beste bi udalerri, Goierri aldean makil kolpeek utziko duten biharamuna ahaztu gabe.

Nafarrek ez dute etxean geratzeko aitzakiarik izango. Iruñeko abesbatzak prest daude jada kaleak kopla eta makilekin betetzeko. Kasedan, kanpai-hotsak, prozesioa, suziriak eta musika izango ditu lagun Santa Ageda bezperak. Altsasuk kolore berezia hartzen du urtero gaurko egunean. Kintoak (18 urte betetzen dituzten neska-mutilak) protagonista, festa giroan murgilduko dira han ere.

Ipar Euskal Herrian, gerrak isilean utzi zituen kopla hotsak hainbat lekutan, baina denborarekin berpiztu egin dira; Hendaian, Baionan eta Donibane Lohizunen, esate baterako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Gaurko albisteak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa gaur Iparraldea albisteak EAE albisteak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Eskoriatza albisteak Santa Agedako koruak Euskal kantariak gaur Debagoiena gaur