Gizartea -
ukrainako krisia
Elkarretaratzea egin dute Bilbon, Ukrainako gerrari "ez" esateko
KEM-MOC kontzientzia-objekzio mugimenduak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak deituta, ehunka pertsonak Ukrainan dauden indar militar guztiek atzera egin dezaten eskatu dute.
agentziak | eitb media
Ehunka pertsona bildu dira igande honetan Bilboko Arriaga plazan, Ukrainan "Gerrari Ez" lelopean.
KEM-MOC kontzientzia-objekzio mugimenduak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak deitutako elkarretaratzearen ondoren, gerraren aurkako aldarrikapen bat irakurri dute, eta gogorarazi dute Irakeko gerra "gezur handi batean oinarritu" zela.
"Ze gezur ari dira orain eraikitzen Ukrainaren inguruan, guri sinestarazteko zentzuzkoena dela gerra bat prestatzea?", galdera bota dute antolatzaileek.
Uneko tentsio egoeran, gerra ororen aurka agertu dira, eta Ukrainan dauden indar militar guztiek atzera egin dezaten eskatu dute. Bereziki, Espainiako Gobernuari eskatu diote tropak bidaltzeari uzteko.
Gainera, NATOrekin harremana apurtzeko eskatu diote Gobernuari. Adierazi dutenez, "Europako eta munduko herrien aurka lotsarik gabe egiten duen erakundea da, bloke geoestrategiko posizioa mantentzeko".
Bukatzeko, armaden aurkako jarrera azpimarratu dute, eta biztanleria eta gizarte elkarteak gonbidatu dituzte "mobilizatzera eta eskalada beliko hau gelditzera".