Gizartea -
Indarkeria matxista
19 urteko mutil batek neska adingabe bat hil du Murtzian
Urtea hasi zenetik Estatu espainiarrean indarkeria matxistak hil duen hirugarren emakumea da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzak baieztatu duenez, asteazken honetan Murtziako Totana herrian hilda agertu den 17 urteko neska bere bikotekide ohiak hil du. Urtea hasi zenetik Estatu espainiarrean indarkeria matxistak hil duen hirugarren emakumea da. Orotara, beraz, 1.129 biktima utzi ditu matxismoak 2003az geroztik.
Gobernu Ordezkaritzak Twitter bidez jakitera eman duenez, asteartean hil zuten adingabeak ez zeukan seme-alabarik, eta inork ez zuen aurretik hiltzailearen kontrako salaketarik jarri.
Gertatutakoaren berri emateaz gain, "#Biziriknahiditugu" eta "#Eztabatgutxiagoere" mezuak zabaldu ditu Gobernu Ordezkaritzak aipatu sare sozialaren bidez.
24 ordu zeramatzan desagertuta gazteak, eta gauerdian aurkitu dute haren hilotza Totanako etxebizitza bateko trastelekuan. Esan bezala, haren bikotekide ohia, 19 urtekoa, atxilotu egin dute, ikerketako iturrien arabera.
Totanako Udalak dolu eguna deitu du hilketa matxista honengatik.