Gizartea -
EUSTAT-EN DATUAK
Dibortzioek behera egin dute Euskadin pandemia garaian, 2.864 ezkontza-hausturarekin
Haustura horietatik, % 16,1 Araban izapidetu ziren, % 52,1 Bizkaian eta % 31,8 Gipuzkoan, Eustaten arabera.
EITB MEDIA
2020an, 2.864 ezkontza hautsi ziren Euskadin, aurreko urtean baino 484 gutxiago, Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) ostegun honetan argitaratutako datuen arabera. Haustura horien % 16,1 Araban izapidetu ziren, % 52,1 Bizkaian eta % 31,8 Gipuzkoan.
Dibortzio guztietatik, 2.290 adostutakoak izan ziren, eta 479, adostasunik gabekoak; banantzeen kasuan, 80 adostasunezkoak izan ziren, eta 13, adostasunik gabekoak.
Ezkontza-hausturen % 70,6tan, bi ezkontideek batera aurkeztu zuten demanda, % 19,1en emazteak eta % 9tan senarrak.
Hausturen % 37,7 ezkontzaren hamargarren urteurrena baino lehen gertatu ziren, eta % 27,2, 20 urtetik gora elkarrekin bizi ondoren. Banantzeen kasuan, ezkontzen % 60,2k 15 urte baino gutxiagoko iraupena zuen.
Dibortzioagatik desegindako ezkontzen batez besteko iraupena 14,9 urtekoa izan zen, eta kopuru hori 26,7 urtera iritsi zen legezko banantze baten ondoren desegindakoen artean.
2020an, guztira, 3.049 dibortzio izan ziren. Horien artean, 280 kasutan aurretik legezko banantze bat egon zen, eta zuzeneko dibortzioak, berriz, 2.769 izan ziren. 3.011 bikote heterosexual eta 38 homosexual dibortziatu ziren; 22 gizonenak eta 16 emakumeenak.
Gainera, 93 banantze izan ziren, % 86 adostasunez, eta bi ezkontza-deuseztasun.