Gizartea -
inauteriak 2022
Ibon Koteron eta Gemma Martinez izango dira Bilboko inauterietako Farolin eta Zaranbolas
Musikariak eta aktoreak Bilboko inauterietako pertsonaiena egingo dute. Otsailaren 24tik martxoaren 1era luzatuko da egitaraua.
agentziak | eitb media
Ibon Koteron musikaria eta Gemma Martinez aktorea hautatu ditu Bilboko Jai Batzorde Mistoak aurtengo "Farolin" eta "Zaranbolas" bilakatzeko, Bizkaiko hiriburuko inauterietako pertsonaia nagusiak, alegia.
Pandemia zela eta iazko inauteriak bertan behera gelditu ondoren, Bilboko Jai Batzorde Mistoak otsailaren 24tik martxoaren 1era bitarte izango den ekitaldi-egitaraua prestatu du, Udalaren arabera.
Bizkaiko hiriburuko inauterietako pertsonaiena egiteko, Ibon Koteron albokalari eta filosofia irakaslea eta Gemma Martinez aktorea, antzerkian, zineman eta telebistan ibilbide luzea izan duena, hautatu dituzte.
Koteron Farolin izango da; "hirian bertan jaio ez bilbotarra, haren jarduera profesional edo publikoan nabarmendu dena, bertakoa izateaz harro agertzen dena, eta 'Semper Plus Ultra' (beti haratago) lelotzat duena".
Gemma Martinez, berriz, Zaranbolas izango da; "pantxo edo pantxa bat; ezerk eragiten ez dion bilbotarra. Bizitza onaren eredu da, eta bere bizimodua 'Carpe Diem' (unea bizi ezazu) esaerak laburbiltzen du".
Umorezko "epaia" egingo diete biei otsailaren 25ean, Bilboko inauterietako ekitaldi nagusietako batean.