Gizartea -
IKERKETA ABIAN
Foru Aldundiaren zaintzapean diren adingabeak prostituziorako erabili ote dituzten ikertzen ari dira Bizkaian
Foru Aldundiak berak jo zuen Bizkaiko Fiskaltzara gertatzen ari zenaren inguruko zantzuak izandakoan, EITB Mediari baieztatu diotenez. 14 urte inguruko hainbat neska lirateke biktimak.
EITB MEDIA
Ertzaintzak ikerketa ireki du Mungiako Zabalondo egoitzan Bizkaiko Foru Aldundiaren zaintzapean ziren hainbat adin txikiko prostituitu ote dituzten argitzeko.
Bizkaiko Aldundiak berak EITB Mediari baieztatu dionez, gertatzen ari zenaren inguruko susmoak izan bezain pronto salatu zuten auzia Fiskaltzaren aurrean, beraiek zuten informazio guztia haren esku utziz.
Biktimak adin txikikoak direnez, erakundeek ez dute informazio gehiago zabaldu.
Gaur El Correo egunkariak argitaratu duenez, baina, biktimen artean 14 urteko hainbat neska leudeke, horietako batzuk diputazioaren tutoretzapekoak eta Santurtziko etxebizitza batean gertatu dira, ustez, sexu abusuak, droga eta diruaren truke.
Arabako Foru Aldundiaren babespean ziren hainbat adin txikiko, prostituzio sare baten biktima
Ez da lehen aldia erakunde publikoen zaintzapean diren adin gabekoen inguruan horrelako delituak salatzen direna EAEn. 2016an, Arabako Foru Aldundiaren tutoretzapea ziren hainbat adingabe prostituzio sare baten biktima zirela jakin zen, Ertzaintzak ikerketa ireki ondoren.
Aurtengo udaberrian egingo da epaiketa eta Arabako Fiskaltzak 100 urtetik gorako espetxe zigorrak eskatu ditu ustezko prostituzio sarea osatzea leporatutako 10 pertsonentzat. Besteak beste, adingabeak galbideratzea, sexu-abusuak egitea, adingabeen aurrean pornografia erakustea eta osasun publikoaren aurkako delituak egitea egozten dizkie.
Gasteizko Instrukzioko 2. Epaitegiak bideratu du kasua, eta Arabako Foru Aldundia ere akusazio gisa aurkeztu da, baita Clara Campoamor tratu txarrak jasan dituzten adingabeen eta emakumeen eskubideen defentsan lan egiten duen elkartea ere.