Gizartea -
Adingabeak
Fiskaltzak 100 urtetik gorako zigorrak eskatu ditu Sansohetan adingabeak prostituitzea leporatutakoentzat
2016an argitara eman zen Arabako Aldundiaren Gasteizko Sansoheta zentroko zenbait adingaberi eragiten zien ustezko prostituzio sare bat. Hainbat lagun atxilotu zituzten orduan. Fiskaltzak adingabeak galbideratzea, sexu-abusuak egitea eta pornografia erakustea leporatzen die.
O. P. | EiTB Media
Arabako Fiskaltzak 100 urtetik gorako espetxe zigorrak eskatu ditu Arabako Foru Aldundiak babestutako adingabeei eragiten zien ustezko prostituzio sarea osatzea leporatutako 10 pertsonentzat.
Fiskaltzak akusazio-idazkia aurkeztu du Arabako Probintzia Auzitegian, 10 inputatuen aurka; besteak beste, adingabeak galbideratzea, sexu-abusuak egitea, adingabeen aurrean pornografia erakustea eta osasun publikoaren aurkako delituak egitea egozten dizkie.
Arabako Fiskaltzaren zigor eskaera 100 urtetik gorakoa da, Ministerio Publikoak gaur igorri duen ohar batean jasotzen denez. Ohar horretan, bestalde, zehaztu dute ez dutela kasuari buruzko datu gehiago emango, gertakarien larritasunagatik eta biktimen zaurgarritasun handiagatik.
Halaber, gogorarazi dute kausa hau abiarazi zuten gertakariak adingabeen aurka egindakoak zirela, eta haiek Arabako Foru Aldundiaren babespean zeudela gertakariak jazo ziren unean.
Kasua 2016ko azaroan eman zen argitara, Ertzaintza Arabako Foru Aldundiaren babespeko adingabeen prostituzio-sare bat izan zitekeena ikertzen ari zela jakin zenean; Gasteizko Sansoheta zentroko zuzendariak berak jarri zuen salaketa Ertzaintzaren aurrean. Sansoheta zentroan jokabide-arazo larriak dituzten pertsonak hartzen dituzte, gurasoei horien tutoretza kendu ondoren.
Antza denez, kasuan inputatuta dauden pertsonek ordaindu egiten zuten zentro horretan zeuden adingabeekin sexua edukitzeko. Gertaeren berri izan zenean, Beatriz Artolazabal orduko Arabako Gizarte Zerbitzuetako diputatu eta gaur egun Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua denak esan zuen biktimetako bostek, gutxienez, 14 eta 17 urte artean zituztela eta erregimen irekian zeudela zentroan.
Gasteizko Instrukzioko 2. Epaitegiak bideratu du kasua, eta Arabako Foru Aldundia ere akusazio gisa aurkeztu da, baita Clara Campoamor tratu txarrak jasan dituzten adingabeen eta emakumeen eskubideen defentsan lan egiten duen elkartea ere.