Gizartea -
Buruan tiro bat jaso zuen
Lasarteko erailketagatik atxilotuetako bat aske gelditu da
50 urteko baserriko langilea aske gelditu da, gertaerarekin "loturarik" ez duela iritzita. 24 urteko gaztea, hildakoaren iloba eta krimenaren ustezko egilea, epailearen aurretik noiz pasako zain dago.
Erredakzioa
Lasarteko baserrian lan egiten zuen 50 urteko gizonezkoa aske gelditu da. Jose Antonio Telleriaren gorpua aurkitu zuen joan den larunbatean, eta Herrizaingo sailak esan duenez, "ez du heriotzarekin loturarik".
Beste atxilotua, ordea, 24 urteko gaztea, polizia-etxean dago oraindik, epaileraren aurretik noiz pasako zain, izan ere, atxilotu eta 72 orduko epea dago.
Jose Antonio Telleria Pepenea baserrian bizi zen, bertan lan egiten zuen 50 urteko beste gizon batekin. Azken honek topatu zuen gorpua ohe gainean eta abisua eman zuen. Ondoren, deklaratu ostean, atxilotu egin zuten Hernaniko komisaldegian "erailketarekin zerikusia zuelakoan".
Hala ere, Herrizaingo Sailak aske utzea erabaki du, "loturarik" ez duela iritzita. Hildakoak, Jose Antonio Telleria Katarainek, 47 urte zituen. Tiro bat jaso zuen buruan, ustez, ilobak eskopeta batekin tirokatuta. Ertzaintza eskopetaren bila dabil.
Hildakoaren hileta-elizkizunen berri eman dute gaur Gipuzkoako hainbat egunkarik argitaratutako eskelek. Biktimari Lasarteko San Pedro Apostol elizan emango diote azken agurra, astelehen honetan, 18:00etan.