Gizartea -
GERTAKARIA
Gizon bat atxilotu dute Gernika-Lumon, arma zuriz eraso egin izana eta genero-indarkeria egotzita
Bikotekideari laguntzen saiatu ziren bi lekukori eraso zien. Emakumea ikerketa oztopatzen saiatu zen eta erasotzailea ezkutatu zuen.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gizon bat atxilotu dute Gernika-Lumon (Bizkaia) bikotekideari laguntzen saiatu ziren bi lekukori labanaz eraso egin eta kolpatu ostean. Emakumeak ez du salaketarik jarri gaur gaurkoz, eta, gainera, erasotzailea etxean ezkutatzen saiatu zen, ikerketa oztopatuz.
Atzo goizaldeko 01:30ak aldera, bi herritarrek bikote bat kalean eztabaidan ikusi zuten Bizkaiko udalerriko erdigunean, eta gizonak bi ostikada eman zizkion emakumeari. Orduan, bi lekukoak biktimari laguntzen saiatu ziren, baina erasotzaileak labana bat atera eta haietako bati eraso egin zion, hanka batean zauri bat eraginez; bigarrena, berriz, ahoan kolpatu zuen. Biak ospitalera eraman behar izan zituzten.
Erasotzaileak alde egin zuen eta Ertzaintzak inguruan emakumea aurkitu zuen. Honek, baina, erasotzailea ez zuela ezagutzen eta eztabaida bultzada baten ondorioz gertatu zela adierazi zien.
Hala, epailearen agindu batekin, emakumearen etxebizitzara joan ziren geroxeago agenteak, eta bertan erasotzailea aurkitu zuten. Lesioak eta genero-indarkeria egotzita atxilotu zuten gizonezkoa eta epailearen esku utzi zuten.