Gizartea -
Donostia
Bilbok, Gasteizek eta Donostiak oraingoz eutsi egingo diote terrazen ordenantzaren salbuespen egoerari
Covid-19ari aurre egiteko murrizketak bertan behera utzi ostean, EAEko zenbait udalerrik kendu egin dituzte aparkalekuetan jarritako terrazak.
LUZIA ZUGADI | EITB MEDIA
Bilboko alkate Juan Mari Aburtok adierazi du goiz dela oraindik terrazen ordenantzaren salbuespen egoerarekin bukatzeko. Aburtok nahiago du zuhurtziaz jokatu, eta, erabaki bat hartu aurretik, pandemiaren bilakaera nola doan ikusi.
Covid-19ari aurre egiteko murrizketak bertan behera utzi ostean, EAEko zenbait udalerrik kendu egin dituzte aparkalekuetan jarritako terrazak.
Udalean egindako agerraldian, Bilboko alkateak esan du ostalaritza sektoreko ordezkariekin hitz egiten jarraituko dutela, unean uneko neurriak hartzeko.
"Hilabetea bukatu orduko berriro aztertuko dugu gaia, eta adostasunean oinarritutako erabakia hartuko dugu orduan. Oraingoz, baina, itxaron egin beharko dugu, betiere, denbora baterako terrazak direla jakinda", erantsi du.
Aburtok esandakoarekin bat egin du Donostiako alkate Eneko Goiak ere. Tokiko Gobernu Batzordearen osteko agerraldian, bilkuran jorratutako gai-zerrenda izan du hizpide Goiak. Besteak beste, terrazen ordenantzaren salbuespen egoeraz mintzatu da, kazetariek egindako galderei erantzunez.
"Tentuz jokatzea dagokigula uste dut, urrian gertatu zitzaiguna berriro jazo ez dadin. Orduan, normaltasunera itzultzen ari ginela pentsatu genuen, baina berriro ere aurretik geneukan egoerara bueltatu ginen", nabarmendu du, covid-19aren seigarren olatua gogoan.
"Hori ikusita eta hortik ikasita, zuhurtziaz eta presarik gabe jokatu behar dugu, hau da, tarte pixka bat eman behar diogu neurri horri ere. Benetan ikusten badugu egoerak hobera egin duela, eta normaltasuna nagusitzen bada, orduan itzuliko gara terrazen inguruko ordenantzak esaten duena betetzera", zehaztu du.
Dena den, Goiak argi utzi du oraingoz ez diotela afera horri data jakin bat jarri, alegia, pandemiaren bilakaeraren araberakoa izango dela salbuespen egoeraren luzapena.
Era berean, Gasteizko Udalak egoerari eutsiko diola baieztatu du.
Hala ere, otsailaren 2an EAJ-PSE udal Gobernuak PPrekin araudia aldatzea adostu zuen. Tabernei eta jatetxeei aukera gehiago eskaintzeko terrazen inguruko araudi berria onartzea adostu zuten.
Araudi berriak Udalbatzatik pasa behar du oraindik, eta udaberrian onartu dezakete. Lurzorura lotutako egituren instalazioa, argiztapena eta berogailuak jartzea aurreikusten du arau berriak, eta baimenak lau urtera luzatzen ditu.
Gainera, galtzadan terrazak jarri ahal izateko baldintzak zehazten ditu.