Gizartea -

Amaitu da epaiketa

Fiskalak eta akusazio partikularrak frogatutzat eman dute auzipetuak Lasarte-Orian emakume bat bortxatu izana

Gipuzkoako serie-bortxatzailearen aurkako bigarren epaiketa bukatu da gaur. 11 urteko espetxe zigor eskaerari eutsi dio fiskalak; 12 urtekoa eskatu du akusazio partikularrak.

Epaiketaren hirugarren saioa. Argazkia: EFE
Epaiketaren hirugarren saioa. Argazkia: EFE
Epaiketaren hirugarren saioa. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskalak eta akusazio partikularrak frogatutzat eman dute Gipuzkoako serie-bortxatzaileak, 2015eko urtarrilaren 1ean, Lasarte-Orian ere emakume bat bortxatu izana. Hori horrela, hasiera batean eskatutako kartzela zigorrak berretsi dituzte: 11 urtekoa eskatu zuen fiskalak, eta 12 urtekoa akusazioak. Biek ala biek sexu eraso delitua egotzi diote, eta, esan bezala, frogatutzat eman dute bortxaketa. Horregatik, espetxe zigorra ez ezik, 35.000 euroko kalte ordaina ere eskatu dute biktimarentzat.

Auzipetuak, bestalde, egindakoaz gogoratzen ez dela errepikatu du gaurkoan behin eta berriro, Beasainen egindako bortxaketagatik epaitu zutenean bezala. Fiskalak, baina, argi utzi du erasoek ez ziotela eragotzi eguneroko bizitza egitea. Gainera, adierazi du bortxaketak grabatzen zituela.

Asteazken honetan egin dute epaiketaren hirugarren saioa, eta horrekin bukatutzat eman dute auzia. Gaurko honetan, psikiatra batek ere hartu du hitza. Auzipetua ekintzen jabe zela, baina ekintza horiek eragin zitzaketen ondorioen jakitun ez zela esan du psikiatrak.

Aldiz, fiskalak nabarmendu du ez dela frogatu erasotzaileak alkohola edan edo drogak kontsumitu zituenik, baina argi geratu dela erasoaren egilea dela. Akusazio partikularrak bat egin du fiskalak esandakoarekin: "Bazekien zer egiten ari zen, eta aurretik antolatzen zituen erasoak".

Biktimari eta erasotzaileari egindako DNA probek ere erruduntzat jo dute auzipetua. Dirudienez, kloroformoa erabili zuen biktima loarazteko.

Dozena bat botxaketa egin zituela egiaztatu du Ertzaintzak

Beasainen eta Lasarte-Orian (Gipuzkoa) emakume bana bortxatu izana aitortu duen gizonak beste dozenaka sexu eraso egin zituela garbi du Ertzaintzak, kasu gehienak salatu ez baziren ere. Hala deklaratu zuten asteartean auzia ikertu zuten bi ertzainek, bortxaketaren harira egindako epaiketaren bigarren egunean.

Azaldu zutenez, Gipuzkoako serie-bortxatzaileak hainbat aldiz eraso zien bere biktimetako lauri (horietako bati, 10-12 bider) eta bortxaketak grabatu egin zituen. Are, bideotako bat musikarekin eta testuarekin editatu zuen, eta emakumeetako bati bidali zion. Orain arte ezagutzen ez ziren datuak eman zituzten agenteek beren deklarazioan. 

Serie-bortxatzaileak ez du ukatu emakumea bortxatu izana

Azken epaiketan erabilitako estrategiaz baliatu zen asteleheneko saioan ere. Hots, epailearen aurrean ziurtatu zuen ez duela gogoratzen Lasarte-Orian 2015eko urtarrilaren 1ean emakume bat bortxatu izana, alkohola, medikamentuak eta drogak kontsumitu zituelako.

Bere abokatuak egindako galderei soilik erantzun zien akusatuak, eta esan zuen "errudun" sentitzen dela, damututa dagoela eta biktimari barkamena eskatzen diola.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Gaurko albisteak Gipuzkoa Epaiketak bideoak Gizartea bideoak Genero indarkeriaren biktimak Eguneko albisteak Lasarte-Oria albisteak Albisteak Matxismoa Eraso sexualak gaur