Gizartea -
Herri-epaimahaiaren hautaketa
Bost emakumek eta lau gizonek Bilbo Zaharreko hilketa epaituko dute
2019ko urrian bi familiaren arteko borroka izan zen jelosiaren ondorioz, ikertzaileen arabera. Epaiketa datorren astelehenean hasiko da Bizkaiko Lurralde Auzitegian.
Agentziak | EiTB Media
Lau gizonek eta bost emakumek 2019ko urrian, Bilbon, gertatutako hilketa epaituko dute datorren astelehenetik aurrera Bizkaiko Lurralde Auzitegian. Bost pertsona akusatuen aulkian eseriko dira.
Iturri judizialek jakitera eman dutenez, ostiral honetan herri-epaimahaia aukeratu dute. 2019ko urriaren 24an, Bilbo Zaharreko kaleetan Ertzaintzak familia bereko bi gizon atxilotu zituen hasiera batean.
Ondoren beste hiru pertsona atxilotu zituzten hilketarekin zerikusia zutelakoan.
Bi familiaren arteko liskarraren eta hilketaren arrazoi edo hipotesi nagusia jelosia izan zen, ikertzaileen arabera.
Poliziako iturriek orduan jakitera eman zutenez, posta-kartutxoak erabiliz eskopeta batekin biktimari buruan tiro egin zioten 14:40ean ustezko bi egileek, aita-semeak. Ondoren biak etxean gotortu ziren, kale berdinean. Azkenean, Ertzaintzak inguraturik zituela ikusirik entregatu ziren.