Gizartea -
inauteriak 2022
Kaldereroak eta inude eta artzainak Donostiako kaleetan ibiliko dira asteburu honetan
Bi aste beranduago, kaldereroen eta inude eta artzainen konpartsek Donostiako kaleak hartuko dituzte. Jaiak asteburu honetara atzeratzea erabaki zuen Donostiako Udalak, "egoerarik onenean" ospatu ahal izateko.
agentziak | eitb media
Kaldereroak eta inude eta artzainak izango dira asteburu honetako protagonistak Donostiako kaleetan. Zehazki, ostiral eta larunbat arratsaldeetan kaldereroen konpartsen txanda izango da, eta igandean, aldiz, inude eta artzainena.
Iragarrita zegoen moduan, Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionalak Alde Zaharreko kaleetan desfilatuko du, larunbatean, otsailaren 19an, 18:45etik aurrera. Gainera, egun berean, Txomingo Kaldereroen Konpartsa Grosen ibiliko da 18:00etatik.
Aurten 50 edizio bete dira Kultur eta Turismo Ekintzetxeak herri elkarte eta herritar talde baten laguntzarekin Kaldereroen jaia berpizten lagundu zuenetik. Otsailaren lehen larunbatean eman zuten inauterien berri. Urtemuga ospatzeko, Erregina eta bere damak antzeztuko dituzte 1972tik jaian parte hartzen duten tribuen arduradunek.
Igandean, otsailaren 20an, Kresalako Inude eta Artzainen Konpartsak Alde Zaharrean desfilatuko du 12:00etatik aurrera, Euskal Herria kaleko egoitzatik, eta hurrengo asteburuan (larunbata 26, 11:30ean), Antiguotarrak Euskal Dantza Taldeak desfilea egingo du Antiguoko kaleetan zehar.
Bi aste beranduago ospatuko dituzte jaiak Gipuzkoako hiriburuan. Asteburu honetara atzeratzea erabaki zuen Donostiako Udalak, "egoerarik onenean" ospatu ahal izateko.