Gizartea -
Manifestazioa
Bilboko Somerako bizilagunek kalearen egoera txarra eta Udalaren "utzikeria" salatu dute
"Droga salmentak, kaleko borrokek eta lapurretek tentsioa" eragiten dutela, eta "Udalak arazoari aurre egiteko asmo gutxi" duela ohartarazi dute.
agentziak | eitb media
Bilboko Somera kaleko bizilagunek manifestazioa egin dute ingurua azken urteotan "hondatzen" ari dela eta "zikinkeria eta zaborra pilatzen" dela salatzeko. "Somera etorkizunik gabeko kale bat bilakatzen ari da. Martxan da kalea hiltzeko eta bizilagunak kanporatzeko prozesua", adierazi dute.
"Somera Berpiztu" lelopean, Alde Zaharreko kaleak zeharkatu dituzte eguerdian, udaletxearen aurreraino iritsi aurretik.
Antolatzaileek ohartarazi dutenez, "droga salmentak, kaleko borrokek eta lapurretek tentsioa" eragiten dute, eta "Udalak arazoari aurre egiteko asmo gutxi" du. "Polizia gehiago egotea" omen da Udalak proposatzen duen bakarra.
"Udalarentzat, Alde Zaharra guztia salgai dagoen eremu bihurtu da… Alde batetik, auzoaren turistifikazioa dago, eta bestetik, kale batzuen gentrifikazioa. Bi prozesu horiek eskutik helduta doaz, eta biek ondorio berera garamatzate: auzoaren salmentak bizilagunak kanporatzea dakar", gaineratu dute.
Hori horrela, bizilagunen esanetan, Udalaren "pasibotasunaren" ondorioz eta "bizilagunen eskaerei uko egin dienez, bizilagun askok alde egin dute kaletik, etxebizitzak salduz, eta horietako asko espekulatzaile bat ari da erosten pisu turistikoak jartzeko".