Gizartea -
JAIAK
Ohiko egitaraua itzuliko da Tolosako inauterietara, jende pilaketak ekiditeko hainbat neurrirekin
Besteak beste, ez da haur danborradarik izango, eta karrozak San Frantzisko kalean egongo dira soilik. "Lan handiko egunak izan dira", aitortu du Olatz Peon herriko alkateak.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Urtebeteko etenaldiaren ondotik, bueltan dira Tolosako inauteriak. Aurtengoak denbora errekorrean antolatu dira; izan ere, duela 10 egun Udalak jaiak ospatuko zirela iragarri zuenetik, prestaketa lanetan murgildu da herri osoa. "Lan handiko egunak izan dira", aitortu du Olatz Peon herriko alkateak. Dena dela, eta jende pilaketak ekiditeko asmoz, hainbat neurri hartu direla zehaztu du.
Jaiak ate-joka ditugun honetan, alkateak berak eta Izarne Iglesias kultura eta festen zinegotziak aurtengo egitarauaren xehetasunak eman dituzte astelehen honetan, eta ohiko egitaraua ia-ia osorik mantetzea lortu dutela azaldu dute. Hala, eta urtero moduan, Ostegun Gizen egunean, hilaren 23an, txupinarekin emango zaie hasiera jaiei, aurtengoan, Kabi Alai elkartearen laguntzarekin, eta ondoren, txarangak irtengo dira Tolosako karriketara.
Ostiral Mehean, hilaren 24an, danborrada eta Arpegiren inauterietako emanaldiaz gozatzeko beta egongo da, beste urte batez, Leidor aretoan. Larunbatean, Zaldunita bezperan, ez da haur danborradarik izango, baina bai helduena, murriztuta. Zaldunita, Astelenita eta Asteartita egunetan, diana, txarangak, txistulariak, kalejirak, alborada, sokamuturra, karrozak... izango dira Tolosako kaleetan.
Aurten, guztira 12 karroza irtengo dira igandean, 2 astelehenean eta 11 asteartean, eta 11:00etatik 23:00etara jarri ahalko dute musika. Osasun-neurriak bermatu eta jende pilaketak ekiditeko, karrozak San Frantzisko kalean egongo dira soilik, udaletxeraino, eta euren arteko distantzia handiagoa izango da.
Era berean, zezenak egiteko prestaketa lanak egiten jarraitzen du Udalak. Sarrerak asteartean, otsailak 22, jarriko dira salgai, online, 16:00etatik aurrera, bibe.me plataformaren bidez. Palkoetako, tendiduetako eta harmailetako sarrerak jarriko dira salgai, agortu arte. Zezen-plazarako sarrera-irteeretan gertatzen diren jende pilaketak ekiditeko, txarangak ez dira zezen-plazaraino iritsiko musikarekin, eta aurretik utziko diote jotzeari.
Olatz Peon alkatearen hitzetan, "birusa gure artean dago oraindik, eta modu seguruan egin nahi ditugu aurtengo inauteriak". Horregatik, hainbat osasun-neurri hartuko dituztela azaldu du:
Azkenean inauteriak ospatuko zirela baieztatu ondoren, alkateak egun horietan herrira ez gerturatzeko eskatu zien bisitariei.
Tolosako alkateak eskerrak eman dizkie herritar guztiei egin duten lan guztiagatik, bereziki inauterietan parte hartzen duten eragileei; txarangak, konpartsak, karrozak eta abar egiten dituztenei, baita Kultura eta Festa Sailari ere; izan ere, horren hitzetan, "elkarlana izugarria izaten ari da".
Peonen arabera, "batzen eta berdintzen gaituzten jaiak dira inauteriak. Izan daitezela ilusioa berreskuratzeko eta elkarrekin gozatzeko jaiak, errespetuan, elkarbizitzan eta berdintasunean oinarritutakoak, guztionak eta guztiontzat, jaiez modu seguruan goza dezagun".