Gizartea -
Martxoak 8
Neskatoak edertasun-kanonetatik askatu nahi ditu Emakundek M8ko kanpainarekin
"Benetan? Hau da guretzat nahi duzuena?" galdetuta, neskek beren itxura fisikoaren gainean jasaten duten presio soziala salatu nahi du ekimenak, emakumeen gorputzaren esplotazio mediatikoa gero eta handiagoa delako.
ane santesteban | eitb media
"Benetan? Hau da guretzat nahi duzuena?". Horixe da Martxoaren 8ko kanpainarako, Emakumeen Nazioarteko Egunerako, Emakundek aukeratu duen leloa. Gaur aurkeztu dute Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak.
Neskek, eta emakumeek, oro har, euren gorputzen eta itxura fisikoaren gainean jasan behar duten gehiegizko presioaz ari da kanpaina, gorputzen nahitaezko "perfekzioaz", ezarritako edertasun-kanon zorrotzaz, hipersexualizazioaz eta gorputzen kontzeptualizazio gero eta merkantilistagoaz.
Lau neskato dira kanpainaren protagonistak, eta horren helburua da gizarteari erakustea garaiz gaudela emakumeen hurrengo belaunaldiei beste etorkizun bat eskaintzeko, euren gorputzen eta itxura fisikoaren gaineko presiorik gabe, presio horrek asko mugatzen duelako haien bizitza. Kanpainak itxaropen mezu bat zabaldu nahi du.
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak esan duenez, "garaiz gabiltza hurrengo belaunaldiek beren gorputzetan eta itxura fisikoan presio hori jasan ez dezaten".
Emakundeko zuzendariak, bestalde, nabarmendu du emakumeen hezkidetzak eta sexualizazioak desberdintasuna eragiten dutela, "emakumeak gizaki gisa ikustea eragozten duelako, haiekiko enpatia murrizten duelako pertsona gisa, eta baita haien balioa ere", eta horrek "haien aurkako muturreko indarkeriak gertatzeko bidea ematen du".
Kanpaina martxoaren 1etik 15era bitartean egingo da kanpoko euskarrietan, komunikabideetan, sare sozialetan, erakundeetan, ikastetxeetan, osasun-zentroetan, elkarteetan, enpresetan eta liburutegietan, besteak beste.