Gizartea -
migrazioa
1.200 migratzaile inguru Melillan sartzen ahalegindu dira bigarren egunez jarraian
Horietatik 350 pertsonak gainditu dute hesia eta Espainiara sartzea lortu dute. Lau guardia zibil zauritu dira hesia gainditzeko saialdian, Gobernu Ordezkaritzako iturriek jakitera eman dutenez.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
1.200 migratzaile inguru ahalegindu dira gaur goizean Melillara sartzen, eta horietatik 350 inguruk hesia gainditzea lortu dute eta Espainian sartu dira, Gobernu Ordezkaritzako iturriek jakitera eman dutenez. Atzo ere 2.500 migratzaile inguruk egin zuten hesia igarotzeko saialdia; 491k lortu zuten gainditzea.
Goizeko 06:00ak aldera, 1.200 bat migratzaile hesiaren inguruan ikusi ditu Guardia Zibilak eta berehala aktibatu da saialdiaren aurkako dispositiboa. Hala ere, Marokoko segurtasun-indarrei aurre egin eta migratzaileek hesia gainditzeko jauzia hasi dute Barrio Chino eta Beni Enzar arteko eremuen artean.
Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak eta Udaltzaingoak migratzaile guztiak sartzea eragotzi badute ere, 350 inguru sartu dira Espainian.
Gobernu Ordezkaritzaren arabera, migratzaileak "indarkeriaz aritu dira eta harriak jaurti dituzte Segurtasun Indarren aurkako". Ondorioz lau guardia zibil zauritu dira.