Gizartea -

Gorenaren epaiari erantzuna

Asier Nieblaren kasuak gizartea kontzientziatzeko balio izatea espero du Urnietako Udalak

"Legeak indartu beharko lituzkete, gisa horretako indarkeria jasan duten biktimen mina kontuan izateko, nolabait", esan du Udalak Auzitegi Gorenaren epaiari erantzunez.

Asier Nieblaren kasuak gizartea kontzientziatzeko balio izatea espero du Urnietako Udalak
Asier Nieblaren kasuak gizartea kontzientziatzeko balio izatea espero du Urnietako Udalak
Asier Nieblaren kasuak gizartea kontzientziatzeko balio izatea espero du Urnietako Udalak

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iragan otsailaren 8an Auzitegi Gorenak Asier Niebla urnietarraren auziarekin lotutako behin betiko epaia eman zuen. 2018ko urrian hil zen Niebla, bi hilabetez koman egon ostean. Izan ere, Donostiako taberna batean, emakume batekin hizketan ari zela, sekulako jipoia eman zion haren bikotekide ohiak.

Hilketa egotzita, auzipetu egin zuten erasotzailea, eta hamaika urte eta sei hilabeteko zigorra ezarri zion duela hilabete Gorenak, Udalak eskatutako genero larrigarria aintzat hartu gabe.

Hasiera batean, Donostiako Lehen Instantziako Auzitegiak eta herri epaimahaiak kontuan izan zuten genero larrigarria. Hori horrela, Gorenak ere berdin jokatzeko itxaropena zeukaten.

"Udalak esperantza zuen, baina ez da horrela izan. Asier Niebla genero indarkeriaren biktima bikariotzat jo genuen gertakarien izaeraz jabetuta, eta adierazpen instituzional bat onartu genuen, erakunde guztiei eskatzeko biktima kontzeptua zabal zezatela", adierazi du Udalak.

"Genero indarkeriaren egungo legeak erasotzailearekin aldez aurretik harreman afektiboa duten edo izan duten emakumeak edo ondorengoak bakarrik hartzen ditu indarkeria matxistaren biktimatzat, eta Asier Nieblarekin gertatzen den bezala, gainerako biktima bikario guztiak bazterrean uzten ditu", salatu du.

Ildo horretan, eta Auzitegi Gorenak azkenean epaian genero larrigarria kontuan hartu ez badu ere, Urnietako Udalak positiboki baloratu du herri epaimahaiaren lehen ebazpena, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Fiskaltzaren eta Auzitegi Gorenaren eskaera ere.

Hartara, "Udalak espero du kasu honek gizartea kontzientziatzeko eta legeak nolabait indartzeko balio izatea, gisa horretako indarkeria jasan duten biktimen mina kontuan izan ditzaten", esan du Udalak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Indarkeria matxista Auzitegi Gorena Gizartea Indarkeria matxista Eguneko albisteak Urnieta Albisteak Matxismoa Erailketak