Gizartea -

EPAIKETA

Asteartera arte eten dute Cabezudoren aurkako epaiketa, defentsak froga berriak proposatuko dituelako

Defentsak lekuko berri bat aurkeztuko duela iragarri du, baita argazkilariaren eta beste egile batzuen book batzuk ere, bere lan artistikoaren izaera erakusteko. Epaileak froga berri horiek onartzen dituen ala ez baloratu beharko du. Bihar, asteartea, ekingo diote berriz ere epaiketari.

Kote Cabezudoren aurkako epaiketaren lehen egunean hartutako irudiak. Euskadi Irratia
Kote Cabezudoren aurkako epaiketaren lehen egunean hartutako irudiak.
Kote Cabezudoko biktimen aldeko elkarretaratzea

0:28

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren aurkako epaiketa bihar asteartera arte bertan behera uztea erabaki du Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Sekzioko epaileak, bere defentsak lekuko berri bat aurkeztuko duela jakin ostean. Era berean, argazkilariaren eta beste egile batzuen book batzuk aurkeztuko dituela ere esan du, Cabezudoren lan artistikoaren izaera erakusteko, baita emakumeek sinatutako hainbat kontratu ere.

Epaileak gaur baloratu beharko du froga berri horiek onartzen dituen ala ez, eta akusazioak, bere aldetik, erabaki beharko du zein izango den bere jarrera horien aurrean. Hala ere, horrek ez du esan nahi epaiketa luzatuko denik; izan ere, aurretiazko kontuetarako eta akusatuaren deklaraziorako gorde dira lehen hiru saioak. Epaiketari bihar ekingo zaio berriro, 09:30ean.

10:00ak aldera hasi da Kote Cabezudo kasuaren auzi nagusiaren epaiketa, eta hilabetez luzatuko da, hogei saiotan zehar. Defentsako iturriek jakitera eman dutenez, 17 modeloren aurka sexu-abusuak eta sexu-izaerako hainbat delitu egitea leporatu dioten argazkilari donostiarrak ez die erantzungo Mario Diez akusazio partikularraren abokatuaren galderei. Bai, ordea, Fiskaltzari.

Lehen salaketak egin eta bederatzi urtera, sexu-izaerako 32 delitu, adingabeen pornografia eta iruzurra leporatu dizkiote, besteak beste, Cabezudori. Fiskaltzak 121 urte eta erdiko espetxe-zigorra eskatu du, eta akusazio partikularrak, berriz, 2.338koa. Hain justu, Diez abokatuak igande honetan bertan eman duen prentsaurrekoan ziurtatu duenez, akusatuaren "jarduera profesional guztia sexu-abusura bideratuta" zegoela frogatzea lortuko dute.

Goizeko lehen orduetan, dozena erdi bat pertsonak elkarretaratzea egin dute Gipuzkoako Auzitegiaren jauregiaren aurrean, biktimei babesa adierazteko, "Justizia Kote Cabezudoren biktimentzat" lelopean.

Cabezudok modaren arloko argazkiak egin zituen hainbat hamarralditan. First Models agentziarentzat lan egiten zuen, besteak beste, eta sona eta onespena zituen Donostia inguruan, baina azken urteotan hainbat salaketa jarri dituzte haren kontra sexu abusuengatik, eta orain salaketa horiei aurre egin beharko die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia Gipuzkoa Epaiketak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Mundu matxista Sexu erasoak