Gizartea -

EPAIKETA

Gaur ekingo diote berriro Kote Cabezudo argazkilariaren aurkako epaiketari

Atzo epaiketa gaur arte atzeratzea erabaki zuen epaileak, Defentsak aurkeztutako lekuko eta froga berrien inguruan erabakitzeko. Itxura guztien arabera, gaur hasiko da deklaratzen argazkilari donostiarra.

Kote Cabezudoren aurkako epaiketaren lehen egunean hartutako irudiak. Euskadi Irratia
Kote Cabezudoren aurkako epaiketaren lehen egunean hartutako irudiak.
Kote Cabezudoren aurkako epaiketaren lehen egunean hartutako irudiak. Euskadi Irratia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur ekingo diote berriro Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren aurkako epaiketari Gipuzkoako Auzitegian. Atzo, epaiketa gaur arte bertan behera uztea erabaki zuen Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Sekzioko epaileak, besteak beste, akusatuaren defentsak aurkeztutako lekuko eta froga berrien inguruan erabakitzeko. Akusazioak, bere aldetik, erabaki beharko du zein izango den bere jarrera horien aurrean. 

Lekuko berria akusatuaren maisu izandako argazki irakasle bat da. Era berean, defentsak argazkilariaren eta beste egile batzuen book batzuk aurkeztuko ditu, bere lan artistikoaren izaera erakusteko, baita emakumeek sinatutako kontratuak ere.

Epaileak gaur baloratu beharko du froga berri horiek onartzen dituen ala ez, eta akusazioak, bere aldetik, erabaki beharko du zein izango den bere jarrera horien aurrean. Hala ere, horrek ez du esan nahi epaiketa luzatuko denik; izan ere, aurretiazko kontuetarako eta akusatuaren deklaraziorako gorde dira lehen hiru saioak. Gaurko saioa 09:30ean hasiko da.

Azken orduko aldaketarik ezean, Cabezudoren deklarazioa hasiko da. Defentsako iturriek jakitera eman dutenez, 17 modeloren aurka sexu-abusuak eta sexu-izaerako hainbat delitu egitea leporatu dioten argazkilari donostiarrak ez die erantzungo Mario Diez akusazio partikularraren abokatuaren galderei. Bai, ordea, Fiskaltzari.

Atzo hasi zen Kote Cabezudo kasuaren auzi nagusiaren epaiketa, eta hilabetez luzatuko da, hogei saiotan zehar.

Lehen salaketak egin eta bederatzi urtera, sexu-izaerako 32 delitu, adingabeen pornografia eta iruzurra leporatu dizkiote, besteak beste, Cabezudori. Fiskaltzak 121 urte eta erdiko espetxe-zigorra eskatu du, eta akusazio partikularrak, berriz, 2.338koa. Hain justu, Diez abokatuak igande honetan bertan eman duen prentsaurrekoan ziurtatu duenez, akusatuaren "jarduera profesional guztia sexu-abusura bideratuta" zegoela frogatzea lortuko dute.

Cabezudok modaren arloko argazkiak egin zituen hainbat hamarralditan. First Models agentziarentzat lan egiten zuen, besteak beste, eta sona eta onespena zituen Donostia inguruan, baina azken urteotan hainbat salaketa jarri dituzte haren kontra sexu abusuengatik, eta orain salaketa horiei aurre egin beharko die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia Gipuzkoa Epaiketak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Mundu matxista Sexu erasoak