Gizartea -
MARTXOAK 8
Milaka emakume atera dira kalera, zaintza sistema "publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa" aldarrikatzeko
Martxoaren 8ko mobilizazio jendetsuenak Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Baionan egin dituzte. Milaka emakume atera dira kalera, "Zapaltzen gaituen sistemari sua! Antolakuntza feminista, gure garra" goiburupean.
EITB MEDIA
Euskal Herriko Mugimendu Feministak hamaika ekimen burutu ditu astearte honetan Euskal Herriko hiri eta herrietan, Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta.
Mobilizazio jendetsuenak, edonola ere, egin dituzte. Milaka emakume atera dira kalera Bilbon, Gasteizen, Donostian, Iruñean eta Baionan, "Zapaltzen gaituen sistemari sua! Antolakuntza feminista, gure garra" goiburupean antolatu dituzten manifestazioetan.
Besteak beste, borroka feministaren balioa azpimarratu dute eta zaintza sistema eraldatu beharra dagoela aldarrikatu dute, "publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa izan dadin".
Bilbon, milaka emakumek Kale Nagusia goraino bete dute eta manifestazioan joan dira Jesusen Bihotza Plazatik udaletxe pareraino. Sirena hotsak, batukadak eta borroka feministaren aldeko oihuak izan dira bidean.
"Lehentasun sozialak eta ekonomikoak berrantolatzea exijitzen dugu, zaintza erdigunean jartzeko. Dena aldatzera goaz!", azpimarratu dute martxaren bukaeran Mugimendu Feministako ordezkari batek irakurri duen adierazpenean.
Zaintza-lanen banaketa "bidegabea" dela eta "logika heteropatriarkalaren, kapitalistaren eta kolonialaren ondorioa" dela salatu dute. Halaber, egungo zaintza ereduarekin "milaka emakume migratzaile prekarietatean" bizitzera behartuta daudela ohartarazi dute.
"Ez dugu kontziliaziorako neurrik eskatzen. Zaintza sistema publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa aldarrikatzen ari gara", nabarmendu dute.
Ildo horretan, gogora ekarri dute Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumena direla gizarte-gaiak eta, beraz, "zaintza sistema % 100ean publikoa izan dadin" neurri zehatzak har ditzala eskatu diote.
Gasteizen, milaka emakume batu dira San Anton plazan eta Andre Maria Zuriaren plazaraino manifestazioan joan dira hainbat lelodun pankarta eta kartelen atzean: "Zapaltzen gaituen sistemari sua! Antolakuntza feminista, gure garra"; "matxismoaren kontra, LGTBIfobiaren kontra eta faxismoaren kontra"; eta "Feminismo iraultzailearen alde".
Borroka feministaren aldeko oihuak egin dituzte eta emakume guztientzat "pentsio publikoak" eskatu dituzte.
Gainerako mobilizazioetan ez bezala, Gasteizkoa deialdi bateratua izan da eta prostituzioaren, haurdunaldi subrogatuaren eta pornografiaren abolizioa defendatzen duen kolektiboak ere bertan parte hartu du.
Horrez gain, desgaitasun funtzionala duten emakumeek "bizitza independentea" aldarrikatu dute eta beraien errealitatearen gaineko isiltasunarekin apurtzeko eta beraien egoera argitara ateratzeko eskatu dute.
Donostian, Antiguako tunelean hasi da emakumeen eskubideak defendatzeko martxa eta hiriguneko kale nagusiak kolore morez jantzi dira denbora gutxian.
"Benetako pandemia patriarkatua" dela salatu eta "etorkizuna feminista" izango dela azpimarratu dute. Halaber, berdintasunaren eta borroka feministaren aldeko oihuak etengabe entzun dira.
Iruñean, Atoniutti parketik abiatu da manifestazioa. Amaia Zubieta Mugimendu Feministako ordezkariak adierazi du gaurko mobilizazioaren helburua nagusia egungo sistema irmotasunez arbuiatzea dela.
"Sistema errotik aldatu nahi dugu, ez dugu itxura aldaketarik nahi; horregatik esaten dugu zapaltzen gaituen sistema honi su eman nahi diogula", azaldu du.
"2018tik ari gara ohartarazten zaintzaren arloan krisi handi bat emango zela, eta pandemiak ageria utzi du", erantsi du.
"Zaintza lanean ari diren emakumeak aintzat hartzeko urratsak eman dira, baina ez da oinarrizko aldaketarik eman, horregatik eskatzen dugu zaintza sistema integrala eta publikoa izan behar dela", berretsi du.