Gizartea -
Elkarrizketa ETB-N
Legarreta: "2.000 mezu jaso ditugu ukrainar errefuxiatuei laguntza eskaintzeko"
Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak jakinarazi duenez, telefono zenbaki bat ere jarri dute (945 22 22 22) informazioa emateko. Gaur gaurkoz, bi gizon ukrainar dituzte Tolosako aterpetxean; bost familia, Oñatin, eta beste bi, Berrizen.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak nabarmendu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herritarren elkartasuna "pil-pilean" dago Ukrainako gerrak utzitako drama humanitarioari erantzuteko. "Atzoko datua da, ia 2.000 mezu jaso ditugu errefuxiatuak@euskadi.eus helbide elektronikoa ukrainar errefuxiatuei laguntza eskaintzeko. Denetarik dago: etxea eskaintzen dutenak, umeak jasotzeko prest daudenak... Mezu horiek ordenatzen ari gara", aitortu du.
ETBko "Egun On Euskadi" saioari eskainitako elkarrizketa batean esan duenez, zaila da jakitea zenbat ukrainar heldu diren EAEra, baina lurraldearekin inongo harreman familiarrik ez zuten eta euren kasa heldu diren hainbat ukrainarri babesa eman zaie. Hala, zehaztu du Jaurlaritzak jarritako hiru baliabideetan errefuxiatuak dituztela: Tolosako aterpetxean, bi gizon; Oñatikoan, bost familia eta Berrizen, bi familia.
Etorrera horien berri emateko telefono zenbakia ere (945 22 22 22) jarri du Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, euskal erakundeek ez dakite oraindik "zein dimentsio" hartuko duen drama humanitario horrek, eta badaezpada, "euskal sare solidario bat" prestatzen ari dira beste erakundeekin eta 3. sektorearekin "elkarlanean".
Dena dela, "zuhurtzia" eskatu du, "koordinazioa eta antolaketa inoiz baino inportanteagoak" direlako. "Eskatu nahi duguna jendea ez dadila joan bere kabuz laguntza ematera, hor badaude entitate profesionalak badakitenak nola jardun, koordinazio minimo bat behar da", azpimarratu du.
Azkenik, mugan, trantsituan, hildako migratzaileen aferaz galdetuta, "beste drama humanitarioa" hor dagoela onartu du Legarretak, eta zehaztu du Jaurlaritza ari dela Euskal Hirigune Elkargoarekin "lanean" auzi horri batera erantzuteko asmoz. "Ostiralean aldebiko mahaia batuko da, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jean Rene Etxegarai presidentea buru direla, eta lan esparruak zehaztuko dira", azaldu du. Horren harira, argitu du kontingentzia planean Irungo (Gipuzkoa) Hilanderas aterpetxearen aurrean 150 plazekin prestatutako eraikin berria "behin-behinean" Ukrainatik etorritakoentzat prest dutela.