Gizartea -
Ukrainako gerra
600 errefuxiatu ukrainar baino gehiago hartzeko prest daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa
Eudelek jakinarazi duenez, errefuxiatuak etxebizitza, erresidentzia eta aterpetxe ezberdinetara eramango dituzte. Bizkaian, 336 pertsona hartuko dituzte; Araban, 154; eta Gipuzkoan, 147.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalek 600 plaza baino gehiago eskaini dituzte Ukrainako gerratik heltzen diren errefuxiatuei eskaintzeko, eta Eudelek iragarri du datozen egunetan kopuru hori handitzeko moduan egongo direla.
Ohar baten bidez azaldu dutenez, errefuxiatuak etxebizitza, erresidentzia eta aterpetxe ezberdinetara eramango dituzte. Bizkaian, 336 pertsona hartuko dituzte; Araban, 154; eta Gipuzkoan, 147.
Gorka Urtaran Eudeleko presidenteak esker ona adierazi die beren azpiegiturak eskaini dituzten udalei, eta azpimarratu du 48 orduko epean prestatu dutela guztia, "euskal gizartea izaten ari den elkartasunaren erakusgarri".
Errefuxiatuak hartzeko prest dauden udalerrien eta azpiegituren zerrenda Eusko Jaurlaritzari helarazi diotela eta aurrerantzean sor daitezkeen beharrizanei erantzuteko erakundeekin eta eragile sozialekin elkarlanean jarraituko dutela azaldu du Urtaranek.