Gizartea -
Sexu abusuak Elizan
Elizan izandako 58 abusu kasu ikertzen ari da Ertzaintza, eta kopuruak gora egiten du egunez egun
Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak adierazi du jendeak jakiten duen heinean salaketa berriak aurkezten dituela. Era berean, Bilboko Gotzaindegia gaiarekin "oso konprometituta" dagoela azpimarratu du.
eitb media
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak asteazken honetan adierazi duenez, Ertzaintza eliza katolikoarekin lotutako 58 sexu-abusu kasu ikertzen ari da une honetan. Kopurua egunez egun handitzen ari dela gaineratu du.
Bizkaia Irratian asteazken honetan egindako elkarrizta batean ikertutako kasuen kopurua "egunez egun aldatzen da"; izan ere, "kasuak entzun ahala, jendea Ertzaintzara hurbiltzen da eta salaketa berriak aurkezten ditu".
Abusu kasu asko duela urte asko gertatu ziren arren eta ustezko erantzuleetako batzuk hilik badaude ere, segurtasun sailburuaren iritziz "biktima guztiek dituzte eskubideak". Horregatik, salaketa jartzea "onuragarria eta mesedegarria" dela uste du, besteak beste, "beste kasu batzuk argitzen lagun diezagukeelako".
Testuinguru horretan, Bilboko Gotzaindegiarekin mantentzen duten "harreman ona" azpimarratu du Erkorekak. Gauza jakina da balizko abusuak ikertzeko batzorde bat jarri duela martxan, eta sailburuak ziurtatu du Elizbarrutia "oso konprometituta" dagoela gaiarekin.
Ildo horretan, lankidetza "funtsezkoa" dela uste du; izan ere, azaldu duenez, "Ertzaintzak ez duen informazioa du Gotzaindegiak, eta informazio hori beharrezkoa da ikerketan aurrera egiteko eta, ondoren, Fiskaltzaren edo auzitegien esku uzteko".
Nolanahi ere, Segurtasun sailburuak adierazi duenez, Ertzaintzak bere lana egiten jarraitu behar du."Ikerketak bere bidea jarraitu behar du eta legearen arabera jokatu behar du, delitu bat egon den tokian gauzak argitu behar direlako eta, erantzukizunak egon badira, erantzukizun horiek eskatzeko neurriak hartu behar direlako", ziurtatu du.