Gizartea -

Ukrainako gerra

EAEko erakundeek errefuxiatu ukrainarrak hartzeko plana aurkeztuko dute arratsaldean

18:00etan, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzako beste ordezkari batzuk, Foru Aldundiak, Eudel, Espainiako Gobernuaren ordezkaritza eta elkarteak bilduko dira.

Ukrainako herritarrak, giza-korridore batean. EITB Mediaren bideo bateko irudia
Ukrainako herritarrak, giza-korridore batean.
Ukrainako herritarrak, giza-korridore batean. EITB Mediaren bideo bateko irudia

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arratsalde honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeak, elkarteekin batera, errefuxiatu ukrainarrak hartzeko estrategia aztertuko eta kontingentzia-plan bat diseinatuko dute. Bileraren ostean ez da aurreikusi prentsaurrekorik egotea.

Erakundeen arteko mahaian egongo dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Eusko Jaurlaritzaren beste ordezkariekin batera; Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano hiru ahaldun nagusiak; Eudel udalerrien elkarteko presidente Gorka Urtaran; Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria eta errefuxiatuei laguntzen lan egiten duten sei elkartek

Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Urkulluz gain, Josu Erkoreka eta Idoia Mendia lehendakariordeak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Gotzone Sagardui Osasun sailburua, Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioen sailburua eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua eta bozeramailea, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak koordinatuta.

Erakundeei dagokienez, mahaian izango dira Gurutze Gorria, Caritas, CEAR Euskadi, Ellacuria Fundazioa, Movimiento por la Paz eta Euskadiko etorkinei laguntza emateko Accem koordinakundea.

"Hainbat eszenatoki posible"

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak kazetariei erantzunez Legebiltzarrean esan duenez, arratsaldeko bileran pertsona hauen harrerarako "bide orria" aztertuko da. 

Jaurlaritzak egunak daramatza beste erakunde batzuekin elkarlanean dokumentu hori lantzen, eta bertan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan aurre egin beharreko "hainbat eszenatoki posible" aurreikusten dira, Ukrainatik erkidegora bide "estraofizialetatik" -familia edo gizarte laguntzarako sareak-, nahiz "ofizialetatik -Europar Batasunak ezar dezakeen banaketa- iristen diren pertsona kopuruaren araberakoak

Kopuruaren inguruko ezjakintasun horretaz jabe, "elkartasunerako" eta erakunde arteko "leialtasunerako" dei egin du Artolazabalek. Era berean, gizarteari eskatu dio, eskaintzen ari den "elkartasun masibo" hori, modu "artikulatu eta antolatuan" bidera dadila, kolektiboari erantzun "egokia" eman ahal izateko. 

Sailburuak gogorarazi du bizkarrean "sufrimendu handia" dakarten pertsonak direla, eta, hori dela eta, laguntza humanitarioaz eta hezkuntza, osasun eta mantenurako baliabideez gain, beharrezkoa izango dela laguntza "emozionala" ere eskaintzea. 

Azaldu duenez, hasi dira dagoeneko Euskal Herrira iritsi diren hainbat haur ukrainar eskolaratzen. Halaber, herrialde hartatik datozen pertsonek asilo eskaerarako prozedura ofizialak egitearen garrantzia azpimarratu du, errefuxiatu izaerak bermatzen dizkien eskubideak baliatu ahal izan ditzaten hala. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ukraina Eusko Jaurlaritza Europa Espainiako Gobernua Gurutze Gorria Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Errefuxiatuak Bizkaiko Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundia Arabako Foru Aldundia EUDEL Errusia-Ukraina gerra