Mundua -

Ukrainako gerra

Bi emakume errefuxiatu ukrainar Oñatin: "Errudun sentitzen gara gerratik ihes egitea lortu dugulako"

Kseniiak eta Osaknak beraien seme-alabekin egin zuten ihes Ukrainako gerratik, baina hainbat senide eta lagun han geratu behar izan dira. "Pribilegiatuak" direla uste dute, onik daudelako, eta Oñatiko herritarrengandik jaso duten babesa eskertu dute.

Oñatira iritsi diren bi familia ukrainarrak. Argazkia: EFE
Oñatira iritsi diren bi familia ukrainarrak. Argazkia: EFE
Oñatira iritsi diren bi familia ukrainarrak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiak Ukrainaren aurkako gerra hasi zuenetik, milaka ukrainarrek egin dute ihes herrialde horretatik, tartean dira Kseniia Vinychenko eta Osakna Lezhnina, Kiev eskualdekoak biak. Eusko Jaurlaritzak errefuxiatuentzako Oñatin duen etxebizitza batean eman diete aterpea.  

Kseniia bere hiru seme-alabekin iritsi da Euskal Herrira, eta Osakna, bere alaba Nataliarekin eta haren ume jaioberriarekin batera heldu da. Ez dute inor ezagutzen hemen, baina bazekiten zerbait gure herriari buruz, besteak beste, Txernobyleko umeak hartzeko programari buruz hitz egin dietelako.

"Pribilegiatuak garela uste dugu, eta pixka bat errudun sentitzen gara, gerratik ihes egitea lortu dugulako, babestuta gaudelako, ondo egiten dugulako lo eta gure inguruan irribarreak ikusten ditugulako", adierazi Osaknak. Ukrainan bere senarra, seme bat eta suhia geratu direla azaldu du.  

Malkoak jausten zituela, Kseniiak kontatu du bere ama soto batean ezkutatuta dagoela eta ezin izan zuela ezer egin handik ateratzeko. "Indarrik gabe nago eta ezintasuna sentitzen dut nire ama babesteko gai izan ez naizelako", deitoratu du negarrez.

Bi familiek behar-beharrezko gauzak soilik hartuta joan ziren ihesean. Osaknak aitortu du ez zuela espero Errusiak Ukraina inbadituko zuenik.

"Sinetsita nengoen ez zela gertatuko, bi gobernuek konponbide bat bilatuko zutelako. Otsailaren 24an, goizaldean, bonbardaketak hasi zirela ohartarazi zidan senarrak. Ezin nuen sinetsi gertatzen ari zena", azaldu du.

Bestalde, Euskal Herrian jaso duten laguntza eskertu dute. Egun bakar batzuetan beraien seme-alabek lagunak egin dituztela eta "babestuta eta seguru" sentitzen direla nabarmendu dute. Ukrainan geratu behar izan diren senide eta lagunekin Internet eta Whatsapp bidez harremanetan daudela erantsi dute.

"Bizilagunek irribarre egiten digute eta hobeto sentitzen hasi gara", adierazi du Osaknak. Kseniiak esker on hitzak izan ditu eskua luzatzen dieten herritarrentzat.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 2.000 herritar baino gehiago agertu dira prest beren etxeetan errefuxiatu ukrainarrak hartzeko.

Ukrainako lehen errefuxiatuak Getxora, Tolosara eta Oñatira iritsi dira
Ukrainako lehen errefuxiatuak Getxora, Tolosara eta Oñatira iritsi dira
Ukrainako lehen errefuxiatuak Getxora, Tolosara eta Oñatira iritsi dira

4:1

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Oñati Albisteak Errefuxiatuak Errusia-Ukraina gerra Debagoieneko azken ordukoa