Gizartea -
epaiketa
Espetxe-zigorra ezarri diote Irune Costumerori, alabari grabagailu bat ipintzeagatik aita zelatatzeko
Kondenatuak adierazi duenez, helegitea aurkeztu du jada Auzitegi Gorenaren aurrean, eta ukatu egin du grabagailua berak ipini izana. Umeen Zerbitzuak alaba kendu zion 2017an, "guraso alienazio sindromea" argudiatuta.
agentziak | eitb media
Epaile batek 18 hilabeteko espetxe-zigorra ezarri dio Irune Costumerori, Bizkaiko Foru Aldundiko umeen zerbitzuko arduradunak akusatuen aulkian eseriarazi zituen amari, hain zuzen. Alabaren poltsikoan grabagailu bat ipini izana egotzi dio, aitarekin zituen elkarrizketak zelatatzeko.
Barakaldoko epaile batek igorritako erabakiak amaren jokabidea gaitzetsi du, eta ebatzi du haurrak aitarekin zituen elkarrizketak zelatatzea zuela helburu, bai familiaren topaketa gunean, bai aitaren etxebizitzan.
Epaiaren arabera, umearen amona izan zen adingabekoaren berokian objektu gogor bat nabaritu zuena, eta piztuta zegoen grabagailu bat zela egiaztatu zuen. Tresnak ordubetez grabatu zituen aitaren, amonaren eta foru zentroko langileen arteko elkarrizketak.
Costumerok adierazi duenez, helegitea aurkeztu du jada Auzitegi Gorenaren aurrean, eta ukatu egin du grabagailua berak ipini izana. "Ipini zuen pertsonak nire alaba aitaren eta aitaren aldeko aitona-amonen aurrean babesteko egin zuen. Kezko hesia da, nire irudia ahultzeko", baieztatu du.
Ama horrek Bizkaiko Aldundiko arduradunak salatu zituen adingabekoaren zaintza kendu izanagatik, baina absolbitu zituzten. "Guraso alienazioa" erabili zuten argudio gisa, literatura medikoan existitzen ez den nahasmendua, eta iaz onartutako Umeen Babeserako Legean debekatua.
Une horretan, Justiziak umeen zerbitzuko arduradunak errugabetzat jo zituen eta, orain, 18 hilabeteko espetxe-zigorra ezarri dio Costumerori, intimitatearen aurkako delitua egotzita.