Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Gizon bat atxilotu dute emakume bati sexu erasoa egiteagatik Lemoan eta beste bat Gasteizen
Lemoan atxilotutakoak 25 urte ditu eta lekukoek emandako abisuagatik atzeman dute. Gasteizen 42 urteko gizona atxilotu dute hiru emakumeri eraso egiteagtik.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu azken orduetan hainbat emakumeri eraso egiteagatik EAEn.
Alde batetik, 25 urteko gizonezko bat atxilotu dute Lemoan (Bizkaia), goizaldean bertako aisialdi-gune batean izandako sexu-erasoaren egilea delakoan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 06:00ak aldera erasoa jasan du emakume batek. Erasoa gertatu ondotik, Ertzaintzari deitu diote hainbat lekukok eta bertaratutako patruilak ustezko erasotzailea identifikatu eta atxilotu du.
Datozen orduetan igaroko da atxilotua epailearen aurretik.
Bestalde, 42 urteko gizon bat atxilotu dute azken orduetan Gasteizen, aisialdi-gune batean zeuden hiru emakumeri sexu-abusuak egitea egotzita.
Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, atxiloketa 03:00ak aldera egin dute, gizonak emakume horiei ukituak egin dizkiela jakin eta gero.
Bestalde, asteburuan Bilbon gertatu diren bi sexu-eraso ikertzen ari da Ertzaintza.