Gizartea -
Nafarroa
Hiru Erregeen Mahaian asteartean desagertutako mendizalearen bila jarraitzen dute
Gauean zehar bila aritu dira eta hala jarraituko dute eguraldiak uzten duen bitartean. Erreskate taldeek bastoi batzuk topatu dituzte Hiru Erregeen Mahaiaren magalean eta erraketen arrastoak, berriz, Ukerdi mendiaren iparraldeko magalean, beheranzko noranzkoan.
O.P.| EITB MEDIA
Hiru Erregeen Mahaiaren inguruetan desagertutako mendizalean bila jarraitzen dute. Asteartean galdu zen arrastoa, Linzako (Huesca) aterpetxetik atera zenean.
Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, ia gau osoan aritu dira haren bila. Erreskate teknikoko eta Suhiltzaileen Zerbitzuko bi talde Mata de Hayatik (Belagua) Larra aldera igo dira gauean, desagertutako gizonezkoa agian handik jaitsi zela pentsatuta; bien bitartean, Iruñeko eta Jacako Guardia Zibilaren GREIMeko agenteak ohiko bidean ari dira bila.
Bilaketa lanetan parte hartzen ari dira Nafarroako Suhiltzaileen Erreskate Teknikoko Taldeko suhiltzaileak eta Cordovilla eta Nabaskozeko parkeetako kideak, baita Guardia Zibilaren GREIMeko agenteak ere.
Eguraldiak ez du laguntzen bilaketan, zerua estalita dagoelako eta prezipitazioak sarriak eta mardulak direlako lehen orduetatik. Bilaketa-gunean, gainera, elurra ari du eta haizea gogor jotzen ari da. Arratsaldeko lehen orduan bilduko dira erreskate taldeetako kideak, egoera baloratzeko eta bilaketa bideragarria den ikusteko.
Airetik, GRTko suhiltzaileek beherantz erraketen aztarnak ikusi zituzten atzo beherazko noranzkoan, Ukerdi mendiaren iparraldean eta Hiru Erregeen Mahaiaren mendebaldean. Aurkikuntza horretatik abiatuta, suhiltzaileak aztarnen inguruan zentratu dira.
Bestalde, Guardia Zibilaren GREIMeko agenteek, antza, mendizalearenak ziren makila batzuk aurkitu zituzten atzo Hiru Erregeen Mahaiaren hegalean.
Gasteizko 40 urteko mendizalea astelehenean iritsi zen Linzako (Huesca) aterpetxera. Handik abiatzen da Hiru Erregeen Mahaira igotzeko ibilbiderik ohikoena.
Asteartean, 08:30ean atera zen aterpetxetik. Langileek esan dutenez, erraketekin atera zen mendizalea. Gaura iristean, bueltan iritsi ez zela ikusirik eta haren autoa aparkatuta zegoela erreparatuta, desagerpenaren berri eman zioten Guardia Zibilari 20:00ak aldera.