Gizartea -

Indarkeria matxista

Egunean lau salaketatik gora jarri zituzten indarkeria matxistagatik Nafarroan 2021ean

Guztira, 1.639 salaketa egon ziren, 2020an baino % 5,81 gehiago. Horrek esan nahi du hilean 135 salaketa inguru jarri zirela.

Sara Pinaren hilketaren kontrako elkarretaratzea. Argazkia: EFE artxiboa
Sara Pinaren hilketaren kontrako elkarretaratzea. Argazkia: EFE artxiboa
Sara Pinaren hilketaren kontrako elkarretaratzea. Argazkia: EFE artxiboa

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foruzaingoak, Iruñeko Udaltzaingoak eta Polizia Nazionalak 1.639 salaketa jaso zituzten indarkeria matxistagatik 2021ean, aurreko urtean baino % 5,81 gehiago. Horrek esan nahi du egunean lau salaketatik gora eta hilean 135 inguru jarri zirela.

Salaketa horietatik 667 Foruzaingoak jaso zituen, ostegun honetan Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari Eva Isturizek prentsaurrekoan jakinarazi duenez. Horren hitzetan, 2022ko urtarrilean 136 salaketa jaso dituzte.

Gainera, aipatu erakundeak 1.085 emakume eta 68 adingabe artatu zituen iaz.

Horietatik 126 larrialdi zerbitzuetara eraman behar izan zituzten, 11 harrera-etxeetara eta 7 bestelako harrera-egoitzetara. Haien menpe 135 adingabe zeuden. 2020ko datuekin alderatuta, % 8,39 hazi da Berdintasunerako Institutuak artatutako emakumeen kopurua.

Ildo horretan, Isturizek gogora ekarri du arreta jasotzeko ez dela beharrezkoa salaketa jartzea: "Badakigu emakume askorentzat oso zaila dela urrats hori ematea. Dena den, emakumeen kontrako indarkeria delituak zigorrik gabe ez geratzeko erreminta egokiena da salaketa".

Hala, Foruzaingoak hiru sailetan sailkatzen ditu emakumeen aurkako indarkeria salaketak: bikote edo bikotekide ohiarengatik jasotako erasoak, sexu askatasunaren kontrakoak eta etxeko indarkeria. Salaketen % 76,31 lehenengo sailekoak dira.

Nafarroan, bestalde, 346 indarkeria matxista kasu daude une honetan. Horietatik bi arrisku oso handikoak dira, eta beste zazpi arrisku handikoak. Alegia, kasu horietan bitimak egunaren 24 orduetan jasotzen du poliziaren babesa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Nafarroa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Foruzaingoa