Gizartea -

KORONABIRUSA

14 eguneko intzidentzia metatua 500 kasutik gertu dago, eta R0 indizeak 1 inguruan jarraitzen du

Ospitaleetako presioak ere bere horretan dirau, ZIUetako oheak apur bat jaitsi direlako eta gela arruntetako pazienteak pixka bat igo direlako. Asteko positiboen kopurua ere aurreko astekoaren antzekoa da.

Jendea Bilbon. Argazkia: EITB Media.
Jendea Bilbon
Jendea Bilbon. Argazkia: EITB Media.

Naiara Ballesteros | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) covid-19aren pandemiaren egoerak bere horretan jarraitzen du intzidentzia metatuaren gorakadarekin eta R0 indizearen geldialdiarekin, ZIUetan ospitaleratutako pertsonen beherakada txiki batekin eta gela arruntetako pazienteen gorakada arinarekin.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostegun honetan eguneratutako buletin epidemiologikoaren arabera, aste honetan 5.375 positibo berri atzeman dituzte, duela astebete baino 128 gehiago; horietatik 979, asteazkenean. 5.991 proba diagnostiko egin ostean, egindako proben % 16,3k eman dute positibo.

14 eguneko intzidentzia metatuaren bilakaerak gorantz jarraitzen du, eta dagoeneko 482,88 kasura iritsi da 100.000 biztanleko, joan den ostegunean baino 57 puntu gehiago.

Gipuzkoa da oraindik intzidentzia handiena duen lurraldea (540,4 kasu), baina adierazle horretan beherakada izan duen bakarra da, Bizkaiak eta Arabak 445,5 eta 464,2 kasuraino egin baitute gora, hurrenez hurren.

Zazpi eguneko intzidentzia metatutaren bilakaera ere ez da positiboa, epe laburragorako joera adieraz baitezake eta 5,82 puntu igo baita 100.000 biztanleko, 244,35 kasuraino.

Oinarrizko birsorkuntza-tasa (R0), gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, % 1,03koa da, astelehenean (1,01) baino zertxobait handiagoa.

R0 indizeari dagokionez, Gipuzkoak du daturik onena (0,92), eta behera egiten jarraitzen du; Bizkaian (1,12) eta Araban (1,06) datu okerragoa dute, eta gora egiten ari da.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, guztira 170 paziente daude ospitaleratuta, 147 gela arruntetan (duela astebete baino 9 gehiago) eta 23 ZIUetan (joan den ostegunean baino zazpi gutxiago).

Atzo 26 pertsona ospitaleratu zituzten covid-19aren konplikazioengatik, igandean baino 5 gutxiago, baina aste honetako asteartean (15) baino askoz gehiago.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa Osasun larrialdia Covid pasaportea