Gizartea -
DROGAREN AURKAKO OPERAZIOA
Droga laborategi bat desegin eta bi pertsona atxilotu dituzte Bilbon
Ertzaintzak eta Guardia Zibilak elkarrekin egindako polizia operazioan bi pertsona atxilotu dituzte Bilbon. Epailearen aurretik igaro ondoren, biak espetxean sartu dituzte.
EITB MEDIA
Ertzaintzak eta Guardia Zibilak bi droga laborategi desegin dituzte berriki Bilbon eta Valladoliden, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak asteazken honetan jakinarazi duenez. Bi pertsona atxilotu eta espetxeratu dituzte "Virgin Va" izenez bataiatu duten polizia operazioaren baitan.
2021eko urrian, Bilboko ertzain-etxeko agenteak bi gizon ikertzen hasi ziren, anfetamina edo "speed" drogarekin trafikatzen zutelakoan. Ikerketari esker ondorioztatu ahal izan zutenez, pertsona horiek Valladolideko beste batzuekin harremanak zituzten.
Drogaren abiapuntua Bilbo zen, eta azken kontsumitzailea Valladoliden zegoen.
Lehenengo atxiloketak otsailean egin zituzten, Valladoliden, Bilbotik errepidez joan zen pertsona bati segika pakete bat hartuta. Ondoren, kokaina eraldatzeko laborategi bat aurkitu eta desegin zuten.
Bilboko laborategia
Martxoaren 9an, bi pertsona atxilotu zituzten Bilbon. Aldi berean, hainbat etxebizitza, garaje itxi bat eta trasteleku bat miatu zituzten. Trasteleku hori, hain zuzen, substantzia sintetikoak egiteko laborategi moduan erabiltzen zuten.
Bilboko miaketa horietan, agenteek 12 kilo "speed" inguru, 650 gramo kokaina, heroina, arma labur bat eta droga ekoizteko tresnak konfiskatu zituzten. Ikertzaileen arabera, atzemandako material horrekin guztiarekin 20-30 kilo "speed" gehiago produzitu ahalko zuten.
Martxoaren 11n, bi pertsona gehiago atxilotu zituzten Valladoliden. Gaztela eta Leonen atxilotutako pertsonetatik hiru espetxeratu egin zituzten.