Gizartea -
Ikasleen greba
Ertzaintzak 34 ikasle atxilotu ditu Arabako Campusean izandako istiluetan
Ikasle Abertzaleak hezkuntza erreformen aurka deitutako greba egunaren testuinguruan, hainbat fakultatetan sartu dira gazteak protestan. Kalteak eragitea eta desordena publikoak leporatzen diete.
O.P. | Eitb Media
Ertzaintzak 34 ikasle atxilotu ditu ostegun honetan, Gasteizko unibertsitate-campuseko hainbat fakultatetan eragindako istiluen ustezko egileak direlakoan. Ikasle Abertzaleek gaur Hezkuntza erreformak gelditu lelopean deitutako greba egunaren testuinguruan kokatzen dira gertaera horiek.
Ertzaintzak, gainera, hainbat pertsona identifikatu ditu Farmazia eta Letren fakultateetan eta Las Nieves eraikineko ikasgelategian izandako gertakarietan parte hartu dutelakoan.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, istiluak goizeko bederatzi eta erdiak aldera hasi dira, Euskal Herriko Unibertsitateak Arabako hiriburuan duen campusean. Kaputxadun talde bat hainbat fakultatetan sartu da, petardoak botaz, pintadak eginez eta kalte material ugari eraginez.
Ertzaintzaren agenteak sartu dira istiluak geldiaraztera, eta 34 gazte atxilotu dituzte, desordena publikoak egotzita, Segurtasun Sailaren arabera. Halaber, hainbat pertsona identifikatu dituzte, eta ez da baztertzen atxiloketa gehiago egitea.
Atxiloketak tarteko, Gasteizen Andre Maria Zuriaren plazatik 12:00etan hastekoa zen manifestazioa atzeratu egin da. Bilbon, Donostian eta Iruñean ere 12:00etarako egina zuten mobilizaziorako hitzordua eta haietan, bai, eguerdian abiatu dira manifestazio jendetsuak.
Atxilotuak polizia-etxera eraman dituzte, eta datozen orduetan utziko dituzte epailearen esku.
Gipuzkoako Campusean ere izan dira istiluak. Hainbat gazte lau eraikinetan sartu dira eta kalteak eragin dituzte, baina Gasteizen baino txikiagoak. Donostian ez dute inor atxilotu.
Ikasle Abertzaleek protesta hauek deitu dituzte "ezartzen ari diren erreformak" gaitzesteko, hala nola LOMLOE Bigarren Hezkuntzan, LOSU unibertsitateetan eta Lanbide Heziketako Plana, eta "hezkuntza-sistema sozialistaren beharra" aldarrikatzeko.
EHUk goizean izandako istiluak gaitzetsi ditu eta adierazi du "ikasleria ordezkatzen ez duen gutxiengo batek bizikidetzaren kontrako erasoa" izan dela.
Halaber, jakinarazi du kalteak zenbatzen ari direla eta datu guztiak dauzkatenean salaketa aurkeztuko dutela.