Gizartea -

Transexualitatea

Pertsona transexualen arreta integralerako lege-erreforma, aurrera Legebiltzarrean

Pertsona transexualen arreta egoki eta integrala bermatu nahi da hezkuntzan, osasunean, lan arloan edo arlo juridikoan izan ditzaketen beharren aurrean. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek alde bozkatu dute. PP abestenitu egin da forma kontuengatik eta aurka bozkatu du Voxek.

Harrotasun kritikoaren manifestazioa, joan den ekainea. Argazkia: EFE
Harrotasun kritikoaren manifestazioa, joan den ekainea. Argazkia: EFE
Harrotasun kritikoaren manifestazioa, joan den ekainea. Argazkia: EFE

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Legebiltzarrak aintzat hartzea erabaki du EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos IUk aurkeztutako Genero Nortasunaren zioagatiko Bereizkeriarik Ez Egiteko eta Transexualen Eskubideak Aitortzeko Euskal Legearen aldaketarako proposamena, EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU alderdien babesa izan du lege-proposamenak, PP+Cs abstenitu egin da eta Voxen aurka bozkatu du.

Aldaketaren berritasun nagusien artean, aipatzekoa da Osakidetzak transexualitateari arreta emateko gutxienez hiru zerbitzu izateko konpromisoa, lurralde bakoitzeko bat, Lehen Arretako sarearen barruan. Halaber, legez finkatzea jasotzen du transexualek arreta integral eta egokia jasotzeko duten eskubidea bermatu ahal izanteko prestazio-zorro bat.

Behin ekimena aintzat hartuta, ponentzia bat sortuko da, eta parte hartuko dute adituek nahiz taldeek hala erabakitako kolektiboek. Ponentzia horretan eztabaidatuko dira, halaber, alderdiek legearen behin betiko onarpenari begira aurkez ditzaketen zuzenketak.

Alde agertu diren EAJ, PSE-EE, Elkarrekin Podemos-IU eta EH Bildu alderdiek nabarmendu dutenez, lege honek lagundu egingo du transexualitatea naturaltasunez bizitzen,  eta estereotipo sozial eta instituzionalak gainditzen, tratu-berdintasunean oinarritutako gizarte baterantz aurrera egiteko.

PP+Cs abstenitu egin da, Laura Garridok azaldu duenez, euren ustez Jaurlaritzatik iritsi behar zuelako proposamenak, eta ez alderdien bitartez. Hala ere, adierazi duenez bere taldeak uste du "oso interesgarriak" izango direla ponentzian parte hartuko duten adituen ekarpenak.

Lege horren aurka agertu den bakarra Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkidea izan da: "Errealitate biologikoa ukatzen du eta gizon eta emakume kontzeptuak lausotu nahi ditu, sexu identitatearen autodeterminazioa bezalako gezurrezko eskubideekin ordezkatzeko".

Erreformaren funtsezko puntuak

Transexualekin eta transgeneroekin aldez aurretik egindako akordio batean oinarritzen da erreforma hau eta 2012ko euskal arauari eragiten dio. Arau hori 2019an ere aldatu zen, berritasun garrantzitsu bat sartuta bertan: ordutik aurrera transexualak gaixo gisa tratatzeari uzten zen, eta beren identitate sexuala egiazta zezaketen txosten psikiatrikorik aurkeztu behar izan gabe.

Orain, pertsona horiek euskal administrazio publikoetatik beren hezkuntza-, osasun-, eta lan- arloan, bai eta arlo juridikoan ere arreta egokia eta integrala jasotzeko duten eskubidea erabat bermatzea da aldaketaren muin eta xedea.

Horrez gain, adingabe transexualei dagokienez, eskubidea dute entzunak izateko eta beren identitate sexualari dagokionez aplikatzen zaizkien neurri guztien inguruko erabakietan parte hartzeko.

Genero-aldaketarako tratamenduetarako, adingabeak berak emango du baimena, emantzipatuta badago edo 16 urte edo gehiago baditu. Tratamendu horien "norainokoa ulertzeko intelektualki eta emozionalki" gai ez bada, edo 16 urte baino gutxiago baditu, haren legezko ordezkariak emango du baimena, adingabearen iritzia entzun ondoren.

Gurasoek edo tutoreek tratamendu horiek baimentzeari uko egitea salatu ahal izango da, uko horrek adingabeari "arrisku edo sufrimendu larria" eragin diezaiokeela frogatzen bada, eta, nolanahi ere, adingabearen interes gorenaren irizpideari jarraituko zaio, "beste edozein interes legitimoren gainetik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra Gizartea EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi LGTBI Vox Giza eskubideak