Gizartea -

KORONABIRUSA

Pandemiaren joerak goraka jarraitzen du Euskadin, 500 kasura iristear baitago intzidentzia metatua

R0 indizea ia ez da aldatu eta 1etik gora jarraitzen du; gela arruntetako pazienteak, baina, 156raino igo dira, eta ZIUetan igandean baino gaixo bat gutxiago dago.

Hainbat pertsona zebrabide bat zeharkatzen Bilbon. Argazkia: EiTB Media.
Hainbat pertsona zebrabide bat zeharkatzen Bilbon
Hainbat pertsona zebrabide bat zeharkatzen Bilbon. Argazkia: EiTB Media.

Naiara Ballesteros | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren intzidentziak gora egin du Euskadin azken egunetan, eta, ondorioz, asistentzia-presioak ere gora egin du: 176 ospitaleratu izan dira, azken bederatzi egunetan izandako kopururik handiena.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostegun honetan zabaldu duen azken buletin epidemiologikoak, martxoaren 17tik 23ra bitarteko asteari dagokiona, pandemiaren gorakada erakusten du, EAEn aldi horretan 5.557 covid kasu positibo erregistratu ostean, aurreko astean baino 37 gehiago. Horietatik 897 asteazkenean atzeman dituzte, 5.885 proba eginda; beraz, % 15,2ko positibotasun tasa.

Azken egunetako kutsatze kopuru altuak 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 500 kasutik gertu egotea eragin du. Zehazki, astea ia 497 puntuan amaitu du. Gipuzkoa eta Araba bostehun erditik gora daude, 513,42 eta 506,35 kasurekin, hurrenez hurren; Bizkaiak, berriz, azpitik jarraitzen du, 478,31 kasurekin.

Asteazken honetan, zazpi eguneko intzidentzia metatua pixka bat jaitsi da, eta horrek esan nahi du goranzko joeraren bilakaera aldatzen egon daitekeela.

R0 adierazleak neurtzen duen birusaren birsorkuntza-tasa 1,02koa da (1 balioaren gainetik badago, pandemia hedatzen ari dela adierazten du), aurrekoa baino 0,01 txikiagoa izan arren.

Gipuzkoa bakarrik dago 1etik behera, 0,98an; Araban adierazle hori 1,08an dago eta Bizkaian 1,03an, nahiz eta bi lurraldeetan beheranzko joera izan.

Ospitaleetan, gora egin du gela arruntetako okupazioak, duela astebete covid-19a zuten 147 paziente izatetik asteazken honetan 156 izatera igaro baitira; ZIUetan, berriz, 21 pertsona zeuden igandean, eta atzo 20.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa Osasun larrialdia Covid pasaportea