Gizartea -

Epaiketa

Ertzain baten hitzetan, Kote Cabezudoren materiala "ikaragarri" zabaldu zen Interneten

Haren webguneak 2014an itxi ondoren, argazkilariak materiala eduki pornografikoko orrialde, blog, foro eta atarietara igo ote zuen argitzen saiatu da informatikari aditua.

Kote Cabezudoren aurkako epaiketa. Artxiboko argazkia: EFE
Kote Cabezudoren aurkako epaiketa. Artxiboko argazkia: EFE
Kote Cabezudoren aurkako epaiketa. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kote Cabezudok egindako argazkiek Interneten izan zuten hedapena ikertu duen ertzainetako batek ziurtatu duenez, argazkilariaren materialak "penetrazio ikaragarria" izan zuen, eta Interneten "kontrolik gabe" zabaldu zen.

Informatikari adituaren agerraldia astelehenean hasi zen, baina astearte honetan testigantza ematen jarraitu behar izan du, instrukzio fasean egindako ikerketen bolumena oso handia izan zelako. Horrela, ia bost orduko lekukotza eman du. Ondorioz, beste ertzain batzuen agerraldiak asteazkenera atzeratu behar izan dituzte.

Haren webguneak 2014an itxi ondoren, Kote Cabezudok materiala eduki pornografikoko orrialde, blog, foro eta atarietara igo ote zuen argitzen saiatu da informatikari aditua astearte honetan. Ertzainaren esanetan, lan "ikaragarri korapilatsua zen".

"Edozeinek orrialdean sartu, ordaindu edo hackeatu eta edukia deskargatu ahal izan du"

"Hasieratik eginkizun oso zaila zen, eta apenas frogarik ez dugu lortu", onartu du ertzainak. Hala ere, Cabezudoren biktimen irudiak "lehenengo" akusatuaren bi webguneetan argitaratu zituztela "bistakoa" da, azpimarratu duenez.

"Ondorioz, edozeinek orrialdean sartu, ordaindu edo hackeatu eta edukia deskargatu ahal izan du", nabarmendu du. Horrela, materialak "Interneten penetrazio ikaragarria" izan du, "material bat filtratu edo argitaratu ostean, progresio esponentziala duelako", gaineratu duenez.

Ertzainaren hitzetan, "materiala ikusi eta deskargatu ostean, beste toki batera igo dezaket jarraian, hau da, batere kontrolik gabe zabaldu da Internet osoan".

Bere ikerketen arabera, Cabezudoren ordenagailuak ez zituzten "inola ere hackeatu", zehaztu duenez, argazkilariaren ordenagailu pribatuetako argazkirik ez dagoelako webgune horietan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako informazioa Ertzaintza Gipuzkoa Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Sexu erasoak